Arakilgo argazki lehiaketak baditu irabazleak

Guaixe 2014ko ira. 4a, 19:45

Arakilgo Udalak estreinakoz ibarrari buruzko argazki lehiaketa antolatu du aurten. Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Arakilgo Egunean Urritzolan ikusteko aukera izan zen. Arakildarren bozek herritarren saria Miguel Angel Laplana Albari eman zioten. Hark Aralarko aingerua eta gurutzea eliz atean agurtzen diren unea jaso zuen. Herritarren bozketagatik 100 euroko saria jaso zuen Laplanak.

Epaimahaiak, berriz, bi sari eman zituen. Jaiak eta tradizioak sailean Garbiñe Perkaz Irañetaren Pilotan 2 argazkiak irabazi zuen. Ihabarko frontoian jokatutako binakako partida bateko une bat jaso zuen argazkian. Ondarea eta paisaiak saileko saria, berriz, Mikel Perkaz Irañetaren Beriain argazkiarendako izan zen. Mendi gainetik Satrustegiko mendizerrako barga berdetua erakusten du lanak. Bi egileek 250 eurona jaso zituzten.