Ostiralean erabaki zen Lekeitioko Torneoa. Finalerdi polemikoan Xala eta Zubietari 22-21 irabaztetik sailkatu ziren Irujo-Jose Javier Zabaletak eta Urrutikoetxea-Albisuk jokatu zuten finala. Irujok eta Zabaletak bolada onean jarraitzen dutela erakutsi zuten, duela aste bat Donostia Hiriko Torneoa irabazi ondoren Lekeitioko Torneoa irabazi baitzuten (22-19).
Bi bikoteek lehia polita eskaini zuten, biak parez pare ibili baitziren. Urrutikoetxeak eta Albisuk garaipena eskura izan zuten, 17-19 aurreratu baitziren. Baina ez zuten jakin euren abantaila behar bezala aprobetxatzen. Bukaerako tartean ez ziren batere fin ibili, hainbat akatsekin. Horrek mesede egin zien Irujori eta Zabaletari, eta azkenean 5 tanto egin zituzten jarraian eta 22-19 gailendu ziren. Irujo izan zen torneoko pilotaririk onena. Zabaleta ongi aritu zen baina ez zen guztiz eroso aritu eta atzeko koadroetan akaso Albisu izan zen finena. Hala ere, bikoak udako bigarren torneoa pilatu du.
Zabaleta atzera ere lanera
Bermeoko jaiak direla eta, gaur jaialdi ederra antolatu dute Artza pilotalekuan. Partina nagusian Irujo eta Rezustaren kontra ariko dira Titin III.a eta Jose Javier Zabaleta, 18:00etan.
Zubietak eta Titinek irabazi
Atzo Errioxako Alberiten jokatutako lehian, Titin III.arekin osatu zuen bikotea Zubietak, Arretxe II.aren eta Zabalaren kontra aritzeko. Nahiz eta hasieran galtzen hasi, atzeko koadroetan Zubietak gora egin zuen eta errioxarrak eta etxarriarrak erremontatu zuten. Bukaeran 22-20 irabazi zieten Arretxe II.ari eta Zabalari.