Atzo Espainiako Vueltako etapa erregina jokatu zen, mendatez jositakoa eta lehen mailako La Farraponan despeditu zena. Alberto Contadorrek sekulako ordagoa jo zuen eta Vuelta erdi erabakita utzi du. La Farraponan Froomek egindako erasoari erantzun egin zion eta atzean gelditu ziren Valverde, Purito eta Aru. Bukaeran eraso egin zuen Contadorrek eta Froome atzean utzi zuen, etapa irabaziz eta lidergoa sendotuz. Froome 15 segundora, Valverde 55 segundora, Purito 59ra eta Aru 1:06ra sartu ziren. Valverde laguntzeko lanetan dabilen Imanol Erbiti hiriberriarra 65.a izan zen, 22:29ra.
Sailkapen orokorrean Contadorrek lidergoa sendotu du. 1:36ra dago Valverde, 1:39ra Froome, 2:29ra Purito eta 3:38ra Aru. Imanol Erbiti 68.a da, 1:57:16ra. Gaur atseden jardunaldia dute. Imanol Erbitik Movistar bere taldearendako lan bikaina egin du mendiko etapa gogorretan. Gogoratu, larunbatean hirugarrena izan zela La Camperonan.