Arakilgo Udala Plazaola Turismo Partzuergoko kide

Guaixe 2014ko irailaren 26a

Plazaolako bide berdea Arakilgo ibilbideen sarearekin lotuko da.

Plazaolako ibilbidea ibarraren garapenerako aukera dela ikusita sartzea erabaki du. Arakilek Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur eta Plazaola partzuregoaren arteko elkarlana sustatuko eta eskatuko du.

Bide berde moduan Plazaolako trenaren ibilbidea berreskuratzeko egitasmoa errealitate bihurtzen ari da pixkanaka. Hura ibarrarendako turismo baliabide egokia izan daitekeela ikusita, Arakilgo Udalak aho batez erabaki du bide berdea sustatzen duen Plazaola Turismo Partzuergoko kide egitea. Ruben Goñi Urroz alkatea eta Juan Jose Madariaga Orbea izanen dira udala partzuergoan ordezkatuko dutenak.

Goñik esan digunez, “Bi Haizpe inguruan Imotz, Arakil eta Irurtzun lotuko dituen azpiegitura egitea da. Beste batzuk zerbait eginen dutelakoan ezin dugu geldirik egon. Ekimena izan behar dugu”. Alkateak esan digunez, Goldaratzen zubi bat egin behar da gero handik Sakanara sartzeko. “Irurtzungo Udalarekin elkarlanean ariko gara Imotzekin lotura hoberena bilatzeko”.

Turismoa
Arlo hori sustatu asmoz Arakilgo Udalak azken urteetan egin duena zerrendatu digu Goñik: “ibilbide sare bat egin dugu, Aixitako gazteluan indusketak eta ondare ez materiala jaso dugu. Asmo berarekin lan egin dugu Sakanako Garapen Agentziarekin batera; Sakanako Plan Estrategikoan jaso direnak”.

Andoain eta Iruñea lotuko dituen ibilbideak “turismo masa garrantzitsua” ekar dezakeela uste du Goñik, “are gehiago, Eurovelo sarearen zati denean”. Arakilgo landetxe eta turismo-apartamentuak dagoeneko partzuergoko kide direla azaldu digu, datua gaineratuz: “guztien artean ia ehun pertsonak lo egiteko eskaintza egiten dute”.

Partzuergoan egoteak ekarriko dituen onuren artean alkateak zerrendatu ditu Plazaolak eskaintzen dituen tresna guztietan presente egotea, ibarra mapan kokatzea eta Arakilgo turismo-baliabidee berri zabaltzea.
 
Alegazioak
Plazaola ibilbidea bide bihurtzeko tramitazioa aurrera doa eta Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren egitasmoari alegazioak aurkeztu dizkio. Sakanako ibilbidean trenak Aizkorbe eta Artadiko tunelak zeharkatzen zituen. Gaur egun biak luiziengatik itxiak daude. Bestelako ibilbide bat proposatu du gobernuak.

Arakilgo Udalak, hala ere, nahi luke ibilbidea seinaleztatuta egotea tunelen ahoak. “Haiek itxita badaude ere, jendeak jakin dezala trena nondik joaten zen. Tunelei buruzko argibideak ematen dituzten panelak jar ditzatela eta beste”, esan digu Goñik. Artadiko tunela dela eta, Irurtzuneraino jaitsi beharrean, menditik bide bat egitea proposatu du Arakilek.