Udalak aurten 727.827 euro kudeatuko ditu

Guaixe 2015eko otsailaren 13a

Eraikinaren eskubi aldean dagoen aparkelekutik gora igotzeko igogailua jartzea aztertzen ari da udala.

Hainbat lan eginen dituzten zazpi langile kontratatzeko 75.000 bideratuko ditu. Egiarretako lanetarako eskatutako mailegua ordaindu ondoren udalak ez du inolako zorrik.

Arakilgo Udalak aurreko urtean baino 74.000 euro gehiago kudeatuko ditu aurrekontuan, 727.827,22 euro. Legegintzaldi honetan ohikoa denez, udalak diru sail handi bat, 75.000 euro, hainbat lan eginen dituzten zazpi langabetu kontratatzeko erabiliko du. Kontratazioak gauzatu ahal izateko dagoeneko Nafarroako Gobernuari 40.000 euroko diru-laguntza eskatu dio.

Kontzejuekin elkarlanean Arakilgo Udalak makina bat lan egin ditu ibarreko herrietan. Bide beretik segituko dute aurten ere eta egiteko horretarako 35.000 euro izanen dira. Baina bestelako inbertsioak ere aurreikusi dira. Udaletxean arkitektura-oztopoak kendu eta herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarriko du udalak. Horretarako 58.700 euro bideratu dira aurrekontuan.

Igogailua
Ruben Goñi Urroz alkateak esan digunez, igogailua udaletxe barruan edo kanpoan jartzea aztertzen ari dira: “Udaletxeko zehar-aldean, Aralar kalean dagoen aparkalekutik osasun etxera, udaletxeko sarrerara eta udaletxera eskailerak erabili gabe igotzeko aukera emanen luke”. Goñik aitortu du oraindik proiektua lantzen ari direla eta Irurtzungo Udalaren baimena beharko litzatekeela halakorik egiteko.

Arakilgo ibilbide sarea sortzeko ekimenari bultzada berria emanen dio aurten udalak. Hala Aixitako gaztelurako ibilbidean segurtasun neurriak jartzeko 4.000 euro bideratuko ditu. Eta beste 6.000 Egiarreta eta Hiriberri arteko oinezkoen ibilbidea egokitzeko. Bestalde, Arakilgo Udalak gizarte zerbitzu, mankomunitate, kultura eta kirol jardueretarako, eskola-garraiorako eta kooperaziorako diru-sailak mantentzen ditu.