Herritarren ekarpenak jasota egin du Arakilgo EH Bilduk bere programa, “herritarron ekarpen eta parte hartze zuzenik gabe ezinen baitugu amesten dugun Sakana eta herria eraiki”. Arakildarren ekarpenekin osatutako hauteskunde programan EH Bilduk 19 proposamen zehatz jasotzen ditu, honako arlotan banatuta: euskara, etxebizitza, ingurumena, irakaskuntza, prestakuntza, kultura, turismoa, ondarea, gizarte politika eta sozio-ekonomia.
Azken arlo horretan, eta Sakanako Plan Estrategikoan oinarrituta, EH Bilduk Arakil ekonomikoki suspertzeko estrategia azaltzen du bere programan. Modu parte-hartzailean aurrera eraman duten egitasmoa, “bideragarria, jasangarria eta iraunkorra” izanen dela dio. Amalur egitasmoaren barruan lehen sektorerako ekoizpen organikoa, artisautza eta energia berdeak jaso ditu. Sakana aisigunea atalean, berriz, besteak beste ostalaritzako eta natur baliabideak aipatzen ditu.
Arakilgoaz aparte, Sakanarako herri programa ere egin du EH Bilduk. Izan ere, “herriok gure kabuz, bakarrik, egin ezin duguna bailara mailan indarrak bilduz egin dezakegulako; ez bakarrik jada ditugun zerbitzu edo sortu beharko ditugunei begira; hor dugu Sakanako Plan Estrategikoa, gure bailarak garapen sozio-ekonomikoa izan dezan”.