Hasitako bidetik, Arakilgo Independenteek (AI) “kontzejuak eta harana suspertzeko gogor lan egiteko” asmoa azaldu dute, zehaztuz, egiteko hori “denon artean” egin behar dela. Arakildarrekin egindako bilera irekietan jasotakoarekin zehaztu ditu AIk bere lan ildoak.
Arakil bizi baten alde ekonomia arloan bost proposamen zehatz aurkeztu ditu AIk. Ibarrean bizi eta lan egin ahal izateko 11 lehentasun zehaztu ditu bere programan hautagaitza independenteak. Haien artean herri-lanak, mugikortasunaren aldeko neurriak, ingurumen arlokoak edota hirigintzan. Udalaren eta kontzejuen arteko harremana estutzearekin batera, independenteek “Arakil sozial eta integratzaile baten alde lan egiten jarraituko dugu, kirol eta kultur jarduerak sustatuz eta euskararen aldeko apustua eginez”.
Hori guztia aurrera eramateko kontzeju guztietan urtean behin batzar irekiak eginen dituztela aurreratu dute. Komunikazioa hobetzeko udal boletina, Internet eta sare sozialak erabiliko dituztela azaldu dute. Azkenik, Arakildarrak antolatu dituzten ekitaldietara (ikus agenda) joateko, informatzeko eta parte hartzeko gonbitea luzatu diete.