Lanean dira udalak kontratatutako langileak

Guaixe 2015ko uzt. 10a, 09:55

Arakilgo Udalak urte erdiko kontratua egin die sei pertsonari. Haietako bost udalak eta kontzejuek adostutako herri-lanak egiten ari dira. Esaterako, Satrustegiko hilerriko atea zabaldu egin dute, Errozko garbitokian mantentze lanak egin dituzte eta kaleren batean ere. Ihabarko kale txiki bateko zorua ere berritu dute. Eta bide bazterretako landaretza mozten ere aritu dira bostak.

Herri lanetan ari diren bostetako bat pala gidaria da, eta haren laguntzaz Izurdiagan zeuden bi ur ihes handi konpontzeko aukera izan du Arakilgo Udalak. Trenbide-pasabide berria egiterakoan ur sarea berritu eta halakorik gehiago ez errepikatzea espero dute herrian. Bide batez, Ruben Goñi Urroz alkateak jakinarazi digu udalak agorrilaren erdian hartuko duela trenbide-pasabidea kentzeko lanez arduratuko den enpresa.

Deialdia
Urte erdirako kontratatu duen seigarren langilea kultura, kirola, aisialdia eta euskara gaien ardura du. Goñik jakinarazi digunez, udalaren asmoa lanpostu hori plaza finko bihurtzea da. Beharra sumatzen dute eta deialdia prestatzen hasi dira, baina ez digu zehaztu ahal izan noizko egonen den prest eta noiz deituko den plaza. Lanaldi erdiko lanpostua sortuko luke Arakilgo Udalak.

Bi lan
Bestalde, bi lan ematea aurreikusten du Arakilgo Udalak. Deialdi mugatu bidez eginen du bost bat enpresari aurrekontua eskatuz eta eskaintzen artean egokiena hartzeko asmoz. Lehen lana aurri egoeran dagoen Etxarrengo Paskal etxean eginen da. Teilatua erdi eroria du eta gelditzen dena kendu eta eraikina egonkortzeko 18.000 euro bideratu ditu udalak. Beste lana Aizkorben egitekoa da. Luizi batek bide baten zatia estali zuen, eta halakorik berriro ez gertatzeko harri-lubeta bat egin nahi du udalak. Lan horrek 12.000 euro aurrekontua izanen du.

Igogailua
Arakilgo udaletxean igogailua kanpotik jarriko da, “horrela erabilera publikoa eta udaletxekoa izanen ditu”, argitu digu Goñik. Izan ere, udaletxearen zehar-aldean, Aralar kalean, dagoen aparkalekutik osasun etxera, udaletxeko sarrerara igotzeko aukera emanen dio edozein herritarri. Eta, horrekin batera, Arakilgo udaletxean gora eta behera ibiltzeko aukera izanen da. Goñik jakinarazi digunez, egitasmoarendako baimena eskaera Irurtzungo udaletxean aurkeztu dute. Aurten egin nahi lituzkete lanak, 85.000 euroko aurrekontua dutenak. Alkateak zehaztu digu erabilera hitzarmena ere adostu nahi dutela Irurtzungo Udalarekin.