Herritar agurgarri horiek:
Zuzenean esan nahi nizuen, baina dena hain bat-batekoa izan denez, ez dut denborarik izan horrela egiteko. Gaur, 2015eko abuztuaren 12an, asteazkenarekin, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteriaren Institutuko kudeatzaile izendatuko naute. Kargua bateraezina da Arakilgo udalaren alkate eta zinegotziaren eginkizunekin. Horregatik, pena handia ematen didan arren, behartuta nago karguari uko egitera.
Aurrean daukadan erronka lehia profesionala da: Nafarroako kirol eta gazteriaren zerbitzuak kudeatzea. Erabakia hartu aurretik asko haztatu dut, baina aukera paregabea da eta ezin diot uko egin nafartar guztientzat lan egiteko eskaini didaten aukera honi.
Arakilgo Udaleko kide izan naizen denboraldietan —hasieran, zinegotzi eta gero, bailarako alkate— mota askotako bizipenak eta esperientziak bizi izan ditut: ezagutu ditut estutasuna, desadostasuna, norgehiagoka eta frustrazioa, baina baita ere ilusioa, lankidetza, enpatia eta ondo egindako lanak ematen duen poza. Aitortzen dut: HARRO SENTITZEN NAIZ NIRE IBARRAZ ETA ZUETAZ GUZTIETAZ.
Adierazi nahi dizuet alkatearen eginkizunetan saiatu naizela ahal izan dudan ondoen jokatzen, beti Arakil ibarraren onurari begira. Berdin egin dut planteatu zaizkidan arazoekin ere, hau da, ahalik eta modu egokienean konpontzen ahalegindu naiz. Jakin badakit batzuetan asmatu eta beste batzuetan, berriz, kale egin dugula; zenbaitetan arazoak konpondu ditugula baina beste batzuk konpondu gabe gelditu direla. Zenbait pertsonarekin desadostasunak izan ditut. Jakin ezazue beti egongo naizela prest zuekin hitz egiteko eta konponbideak bilatzeko.
Udala esku onetan geldituko da, bi taldeko zinegotziek gogoz eta kemenaz lan egingo baitute Arakil eta bere kontzejuak hobetzeko. Eta lan horretan, ez egin zalantzarik, kontzejuetako ordezkarien laguntza izango dute, beti bezain arduratsu. Nolanahi ere, kontuan izan zuen parte-hartzea ezinbestekoa izango dela kontzeju eta udaletxeko eginkizunak aurrera atera ahal izateko. Ni ere prest nago laguntzeko eta ekarpenak egiteko, bertako herritarra naizen aldetik. Gure ibarrak bizirik iraun dezan eta nahi duenaren bizilekua izan dadin lanean jarraituko dut.
Bestalde, udaletxeko langileen lana goraipatu nahi dut idazki honen bidez. Izan ere, zerbitzu publikoko bokazio ikaragarria duen talde profesionala osatzen dute. Niretzat plazer handia izan da haiekin guztiekin lan egitea. Beraiengandik ikasi dut talde-lana egitea beharrezkoa dela gure helburuak lortzeko.
Erreleboa beste taldeko kide batek hartuko du orain, eta berarekin batera, lanean jarraituko dugu gure herri eta kontzejuendako. Aupa Arakil!!!
Zuen esanetara naukazue behar duzuen guztirako.
Onena opa dizuet, laster arte. Besarkada bat
Arakilen, 2015eko abuztuaren 12an
Ruben Goñi Urroz
Arakilgo ibarreko alkatea