Arakilgo argazki lehiaketako herri bozketa martxan

Guaixe 2015ko aza. 18a, 19:39

Arakil ibai gaineko zubi zaharra Izurdiagan.

Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuak, Arakil Kulturak, udazkeneko argazki lehiaketa antolatu zuen. Lehiaketara 27 argazki aurkeztu dira eta guztiak Arakilgo udaletxean eta arakil.net web orrian daude ikusgai. Bi sari banatuko dira. Bata, hiru argazkilarik osatutako epaimahaiak emandako 150 euroko saria da. Beste saria, berriz, herri bozketa bidez aukeratutakoa da eta argazkiaren egileak 50 euro jasoko ditu. Argazki bakar batek ezin izanen ditu bi sariak jaso.

Azken sari horretako herri bozketa dagoeneko martxan dago. Udalaren web orrian sartu edo udaletxera joan eta hango ontzian botoa ematea besterik ez da egin behar. Interesa dutenek azaroaren 27ko 12:00ak arteko epea lehiaketara aurkeztutako argazkiren baten alde egiteko. Azaroaren 28an eginen den afari musikatuan eginen da sari banaketa.

Kantu afaria
Arakilgo udazkeneko kultur agenda azaroaren 28rako kantu afaria iragarria dago. Hiriberriko elkartean izanen da, Edorrekin. Izena eman nahi duenak hilaren 24ra arteko epea du.