Gazteek gazteendako antolatzen dituzten jardueretarako diru-laguntza deialdia

Guaixe 2016ko api. 7a, 15:37
Sukaldaritza ikastaroan parte hartu zuten gazteak.

14 eta 30 urte bitarteko gazte arakildarrek gazteendako antolatzen dituzten jarduerak diruz lagunduko ditu Arakilgo Udalak. Horretarako deialdia egin du. Kulturarekin, ingurumenarekin, gizartearekin edo kirolarekin zerikusia dituzten jarduerak aurkeztu daitezke diru-laguntza deialdira. Proiektuak aurkezteko epea hilaren 30ean despedituko da.

Deialdiaren oinarrietan jaso denez, aurten bertan egin behar dira jarduerak. Laguntza emateko garaian kontuan izanen da proiektuen sustatzaileak 14 eta 30 urte arteko gazte arakildarrak izatea eta jarduerak adin tarte horretako ibarreko gazteei zuzenduak izatea.

Jarduera horiek gizarte, elkartegintza, kultura eta aisialdi mailan, bizitza-publikoan gazteen partizipazioa sustatzen dituztenak izan beharko dira. Horrekin batera, kontuan izanen dituzte: bizitza-ohitura osasungarrietan heztea, aukeren berdintasuna, gizartearen alde desberdinen integrazioa, askatasuna eta eskubide sozialak sustatzea jarraitzen dituzten jarduerak.

Diru-laguntza eskaera jasotzen duen instantziarekin batera, proiektuaren helburuak, haren kalitatearen justifikazioa, eginen diren ekintzak gazteen parte aktiboaren eta eragin sozialaren programazioa, proposamenaren ibarrerako egokitzapena, antzeko esperientziatan izandako eskarmentua, eskatzaileen antolakuntzarako gaitasunaren justifikazioa eta, kirol jardueren kasuan, oinarrizko kirolaren edo bertako kirolaren justifikazioa aurkeztu behar da. Deialdiak 1.500 euroko poltsa du.