Irurtzungo bizikleta festan gustura

Guaixe 2016ko mai. 31a, 08:38

Txirrindula martxan 100 partaide baino gehiago bildu ziren eta tailerretan eta jolasetan giro polita izan zen

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Immigrazio Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak antolatuta, igandean Irurtzunen bizikleta festa ospatu zen. Ekimena behar bezala prestatzeko ondoko talde eta entitateen laguntza izan du Mank-ek: Irurtzungo Udala, Barranka Txirrindularitza Taldea, Berri Bikes denda, Muruzabal bizikletak eta Sakanako ikastetxeak eta guraso elkarteak.

Lehenik eta behin, haur eta gurasoek bizikleta hartu eta Irurtzun eta Arakil inguruan bizikleta ibilbidea egin zuten. 2 ordu ingurukoa izan zen eta 100 partaide inguru bildu ziren. Barranka Taldeko Txirrindulariek prestatu zuten ibilbidea. Eguraldiak lagundu zuen. Fresko esnatu zen eguna, baina ateri eutsi zion. Ondoren, Irurtzungo Foru plazan jarraitu zuen festak. Auzate osasuntsua dastatzeko aukera izan zen: marokoar pastak eta fruta freskoa eta fruitu lehorrak. Bitartean, jolasak izan ziren etxeko txikiendako eta Muruzabal bizikletak dendako Joxi Lazkozek eta Berribikes dendako Joakin Beltran de Herediak bizikleta nola konpondu azaldu zieten bertan bildutako neska-mutikoei.

“Sakanako Mankomunitateko Euskara, Immigrazio eta Kirol zerbitzuek antolatutako jarduera oso ondo baloratzen dugu. Baina badugu zer pentsatu eta hobetu ere, jostailu eta kirol materialaren trukerako haurrak nola animatu, esaterako. Izan ere, garrantzitsua deritzogu etxean dugun eta behar ez ditugun gauzei beste baten eskuetan bizitza luzatzea, eta erosteari alternatiba bilatzea” adierazi du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Helburuak
Bizikleta festarekin hainbat helburu lortu nahi direla adierazi digute antolatzaileek. “Helburuak anitzak dira: bizitza osasuntsua, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, kultur artekotasuna –erlazioa-harreman osasuntsuak–, birziklatzea –dagoeneko behar ez ditugun gauzak behar dugunengatik trukatzea dirua erabili gabe, zabor gutxiago sortuz…–, bizikleta konpontzen ikastea bakoitzaren autonomia bultzatuz, Sakanako bidexka eta herri ederrak ezagutzera ematea, familian eta lagun arteko jarduerak bulkatzea, munduko jolasak ezagutzera ematea, euskararen erabilera bulkatzea…”. Hurrengo urtean Aranatz aldean antolatuko da eguna.