Arakilgo alkate Paz Gonzalezek azaldu digunez, “orain plangintza berrian buru belarri sartuta gaude. Lastailerako hasierako onespena eman beharko lioke udalak. Erredakzioan ari gara”. Ondoren, alegazioetarako epea etorriko da, baina Arakilgo Udalaren nahia da 2018rako onartua egotea. Arakilen indarrean den hirigintza plana 1994koa da eta berritzeko nahikoa lan izan ditu udalak, Nafarroako Gobernuak hirigintza araudian Abiadura Handiko Trena jasotzea eskatzen baitzion. Zazpi urteko blokeoaren ondoren, foru administrazioak jarrera aldatu zuen 2014ko garagarrilean eta tramitazioa abiatu zen. Gonzalezek berretsi du abiadura handiko tren azpiegituraren kontra daudela.
Inasako industrialdeko lanak “ez doaz guk uste genuen bezain azkar”, azaldu digu Gonzalezek. Aurki Nasuvinsa enpresa publikoko ordezkariekin izanen duten bileran “gauzak argitzea” espero du Arakilgo alkateak. “Printzipioz, Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala egin behar zuten, baina oraindik ez dute gauzatu”. 45.000 metro karratuko eremua da industria hartzeko egokitu behar dena. Bitartean, industrialdeko Irurtzungo zatian makinak lanean ari dira.
Legegintzaldia bukatzeko
Agintaldia bukatu bitartean Gonzalezek zein lan egin nahi lituzketen azaldu digu: mendi sarea despeditu nahi dute, turismoari ere bulkada eman nahi diote, Izurdiagako auzo batean saneamendua hobetuko du udalak. Aizkorbeko sareak eta zorua berritzeko lanak 2019an eginen ditu Arakilgo Udalak, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso ondoren. Gonzalezek jakinarazi digunez, Izurdiagako geltoki auzoa eta Etxarrengo zati bat faltako litzateke sareak eta zorua berritzeko. Aurrenengorako diru-laguntza eskaera atzera bota dio gobernuak.