Mendi martxaren ondoren kultur irteera

Guaixe 2017ko urr. 23a, 14:21

Larunbateko mendi martxan parte hartu zutenak Berastegiko ermitan. Argazkia: Arakil Kultura.

Larunbaterako Metautenera eta Lizarrara irteera antolatu du udalak.

Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatuta, historiaz beteriko 10. mendi martxa egin zen larunbatean. 30 bat mendizalek eguraldiari aurre egin zioten eta Hiriberrin hasi eta bukatu zen ibilbidea egin zuten. Bidean Berastegiko ermitan gelditu ziren hango despopulatuaren berri jasotzeko. Eta gauza bera Agirin. Desagertutako bi herrien berri Jokin Lanz historialariak eman zien ibiltariei. Bidea despedituta Txitera elkartean bazkaldu zuten.

Arakilgo udazkeneko kultur agendaren hurrengo hitzordua larunbaterako dago jarria. Gastronomia eta kultura uztartzen dituen irteera eginen dute Lizarra-aldera. Dagoeneko 25 pertsonak eman dute izena. Joan nahi duenak bihar du izena emateko azken eguna. Horretarako udaletxetik pasa edo 948 500 101 eta 634 584 226 telefonoetara hots egin daiteke. Arakilen erroldatutakoek 27 euro pagatu behar dituzte eta 18 haurrek. Ibarrean erroldatuta ez daudenak, berriz, 32 eta 20.

Egitaraua
08:30 Arakildik autobusez atera.
10:00 Metautengo trufa museora bisita.
    Txakurren trufa bilaketarako heziketa erakustaldia.
    Dastatzea.
12:00 Iratxe upategira bisita eta dastatzea.
14:00 Bazkaria.
16:45 Lizarrako alde historikoan bisita gidatua.
18:00 Arakilera buelta.