Lizarra aldea ezagutzeko irteera

Guaixe 2017ko urr. 27a, 12:21

Larunbaterako Metautenera eta Lizarrara irteera antolatu du udalak.

Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuaren kultur agendako hurrengo hitzordua biharko dago jarria. Gastronomia eta kultura uztartzen dituen irteera eginen dute Lizarra aldera. 34 pertsonak eman dute izena. 08:30ean abiatuko dira Arakildik eta aurreneko geldialdia Metautenen eginen dute. Han, 10:00etan, trufa museora bisita eginen dute eta txakurren trufa bilketaren heziketaren lekuko izanen dira. Trufak dastatu gabe ezin joan, ordea. Handik Iratxe upategira joanen dira. Han ere ardo dastatzea egiteko aukera izanen dute arakildarrek. Bazkaldu ondoren, 16:45ean, Lizarrako historia ingurunean barnako bisita gidatua izanen da. Hura bukatzean, 18:00etan, Arakilera bueltatuko dira.

Joan den larunbatean, berriz, historiaz beteriko 10. mendi martxa egin zuten 30 bat arakildarrek, eguraldiari aurre eginda. Hiriberrin hasi eta bukatu zen ibilbidean Berastegiko ermitan gelditu ziren hango despopulatuaren berri jasotzeko. Eta gauza bera Agirin. Desagertutako bi herrien berri Jokin Lanz historialariak eman zien ibiltariei. Bidea despedituta Txitera elkartean bazkaldu zuten.