Arakilgo Udalak aurten 766.368,15 euroko aurrekontua izanen du, joan den urtean baino 29.500 gutxiago. Aurtengo diru kontutan ez dira 2017an Satrustregin egindako lan handien parekorik, baina hartan jasotako 86.000 euro inguruko diru-saila, igogailua jartzeari bideratutakoa orain ari da inbertitzen.
2018ko aurrekontuei dagokionez, Paz Gonzalez Sagues alkateak azaldu digu hasitako proiektuei segida emateko direla. Hala, Izurdiagako autopista azpiko zubitik Irurtzungo mugara arte espaloi bat eginen du udalak. Lanak esleitu eginen dituztela azaldu digu alkateak. Bestetik, joan den urtean enpresa batek lanak hasi eta bertan behera utzi ondoren, Aizkorbeko herri-basoko lanak berriro emateko asmoa du udalak. Horretarako 31.663,07 euro prest ditu.
Kontzejuendako laguntza
Arakilgo Udalak aldian behin kontzejuekin bilerak egiten ditu, haien premiak jakin eta berak egin ditzakeen mantenu-lanak antolatzeko. Horretaz aparte, udalak duela bi urtera arte kontzejuei emandako 35.000 euroko diru-laguntza berreskuratu du. "Inbertsio handiak egin behar genituen eta udalak ez zuen dirurik. Horregatik, moztu ziren kontzejuendako diru-laguntzak. Orain, berriro, finantza gaitasuna dugunez, laguntzak ematea erabaki dugu". Alkateak azaldu digunez, kontzeju bakoitzak kopuru finko ba jasoko du eta beste bat biztanle kopuruaren araberakoa izanen dena.
Urtero moduan kontratazioak egiteko asmoa dutela esan digu Gonzalezek, "baina ez dugu zehaztu, eginen diren lanaren arabera izanen da". Jakinarazi digunez, Goi mailako Lanbide Heziketako Nekazaritzako eta Basogintzako ikasle bat praktiketan izanen dute lanen taldekoekin lanean, martxotik garagartzarora.
Bide sarea
Arakili buelta ematen dion bide sarea aurten itxiko da. Asmo horrekin Arakilgo Udalak 28.000 euro aurreikusi ditu. Batetik, seinaleztapena, garbiketa eta bideak txukuntzeko egin beharreko lanetarako. Biaizpetik Ihabar arte joan daiteke, Aralar azpitik. Aurten Irañetaraino luzatu eta ibarraren hegoaldetik herri guztiak pasaz abiapunturaino lotu nahi dute. Eta, bestetik, ibilbide sarearen sustapenerako. "Europako diru-laguntzak eskatu ditugu. Ez badira iristen, agian, soilik lehen lana eginen dugu eta bestea heldu den urterako utzi", esan digu alkateak.
Bestetik, Plazaola bide berdea egiteko lanak oso aurreratuak daude Arakilen. Gonzalezek azaldu digunez, "puska txikia falta da. Hasieran asko aurreratu zuten, baina bizpahiru hilabete geldirik dago. Aurki turismo partzuergoaren bilera dugu eta azalpenak emanen dizkigute".