Arakilgo hirigintza plan berria jendaurrean

Guaixe 2018ko ots. 16a, 09:07

Udal plana jendaurrean bi hilabetez egonen da, arakildarrek agiria soseguz aztertu eta interesatuek egoki jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ditzaten. Arakil ibarreko hirigintza arautzen duen dokumentu berria 1994koa ordezkatzen du

Arakilgo hirigintza udal planaren berri Nafarroako Aldizkari Ofizialak astelehenean argitaratu zuen. Arakil ibarreko hirigintza arautuko duen dokumentua jendaurrean bi hilabetez egonen da, jendeak hura aztertu eta egoki jotzen dituen alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

Arakilgo Udalak lastailaren 30ean hasiera batean onartu zuen hirigintza plana. Horrekin batera, erabaki zuen arau berriek egun indarrean dagoen hirigintzako araua aldatzen den eremuetan lizentzien ematea etetea, lizentziak eman ezin diren zein hirigintza unitate diren ere zehaztu du.

Hasierako onespenaren eta jendaurreko epearen ondoren, behin betiko onartuko du udalak. Erabaki hori Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaio eta hark oniritzia ematen duenean indarrean sartuko da Arakilgo hirigintza plana. Udalak espero du udazkenerako indarrean egotea.

Prozedura

Arakilgo Udalak ibarraren hirigintza ordenamendua zehazteko parte hartze plana egin du aurretik. Helburua, arakildarrak informatzea, entzutea eta iradokizunak jasotzea zen. Kontzeju guztietan azalpenak eman ziren eta abeltzaintza, industria eta turismo sektoreetako ordezkariekin bildu ziren.

Behin hasiera batez onartuta eta bi hilabetez jendaurrean dagoela, kontzejuek herritarrei horren berri emanen diete. Paz Gonzalez Sagues alkateak azaldu digunez, "informazio publikoko epea bi hilabetekoa da jendeari denbora eman nahi diogulako eta informazioa jasotzeko udaletxera etortzeko aukera eman nahi diogulako.

Ezin berritu

Orain arte Arakilen indarrean egon den hirigintza plana 1994 urtekoa da. 24 urte ditu agiriak. Denbora tarte horretan aldian aldiko aldaketak eginez moldatu da Arakilgo Udala.

Baina Arakilgo Udalaren nahia udal hirigintza plana lehenago berritzea zen. Nafarroako Gobernuak ezinezko egin zuen ordea. 2009ko garilean hirigintza plan berriko oinarri den Lurralde Okupaziorako Estrategia Eredua aurkeztu zuen. Bi urte geroago UPNren gobernuak atzera bota zuen, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea markatuta ez zegoelako. Azpiegitura berriarendako erreserba espazioak eta bestelakoak zehaztea eskatu zuen kontseilariak. Orduko alkate Javier Lazkoz Olaetxeak nabarmendu zuen udalak AHT egitasmoaren kontra zegoela eta Nafarroako Gobernuko teknikariek egin ez zutena Arakilgo Udalekoek egitea ez zuela egoki ikusten gaineratu zuen.