Legegintzaldiko laugarren alkatea du Arakilek: Francisco Javier Uharte Garro. Garagartzaroaren 6an egindako bilkuran Paz Gonzalez Saguesek lekukoa pasa zion bere taldekideari. Gonzalezek alkate ardurak utzi bai, baina zinegotzi izaten segitzen du. Uko egitearen arrazoiak emanez kontzejuei gutuna bidali zien Gonzalezek eta han azaltzen duenez, legegintzaldi hasieran Arakilgo Independenteak taldeko kideek alkate ardura partekatzea eta txandakatzea erabaki zuten.
2015eko udal hauteskundeetan independenteek 5 zinegotzi eta EH Bilduk 2 lortu zituzten. Legegintzaldia Ruben Goñi Urroz alkatearekin abiatu zuen Arakilek. Baina Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari kargua hartu ondoren utzi zuen udala. Gregorio Santesteban Nuñezek hartu zuen lekukoa 2015eko agorrilaren 27an eta 2017ko ilbeltzaren aurreneko astean dimisioa eman zuen. Gonzalezek martxoaren 13an egindako bilkuran hartu zuen alkate-ardura. Talde independenteak bost zinegotzi baldin baditu ere pasa den urtetik zinegotzi kargu bat hutsik dago.