Harrera-familiari eta elkartasunari aitortza Arakilgo egunean

Guaixe 2018ko uzt. 25a, 08:37

Paula Vigor eta Leo Gaintza etxarrendarrek osatutako bikotea harrera-familia da eta umeen premiazko harrera egiten dute. Epaitegiek edo egoerak hala behartuta umeak familietatik bereiztean txikiek familia-giroan segitzeko neurria da premiazko harrera eta bikote etxarrendarrak egiten du. Ez hori bakarrik, Sogane elkartearen bidez, Ekuatore Gineako eskolen eta haurren harrera guneak egokitzen laguntzen dute, baita harrera programetan ere. Hori guztia publikoki aitortu nahi izan zuen Arakilgo Udalak ibarreko egunean eta eguerdian omenaldia egin zitzaien.

Horren ondoren, joan den urtean jaiotako arakildar berriei harrera egin eta festetako ttattarra jarri zieten. Zazpi kinto dira: Errozko Irai Perez de Obanos Altuna, Izurdiagako Luar Osakar Beraza, Etxeberriko June Goñi Jauregi eta Egiarretako Aiora Erbiti Sarasola eta Oier Lazkoz Martiarena, Etxarrengo Izaga Rubio Ayanz eta June Zabaleta Santesteban.

Satrustegin
Galtxorratx Uharteko dantza taldearen saioaren eta otamenaren ondoren, festa Satrustegira lekualdatu zen. Mikorena etxeko erakusketa laukoitzak, haren sarreran aparkatutako auto klasikoek eta herriaren hegoaldean egindako txondorrak jende askoren jakin-mina erakarri zuten. Bazkaldu  aurretik jende asko pasa zen bata eta bestea bisitatzea. Plazan jarritako karpak 234 arakildarren bazkari eta bazkalondo animatua hartu zuen. Iluntzera luzatu zen festa.  

 

Aurreneko sei argazkien egilea: Miguel Angel Laplana.