Eguzki plakak Arakilgo udaletxeko teilatuan

Guaixe 2019ko ots. 11a, 09:06

Arakilgo udaletxean jarritako eguzki plakak. Argazkia: utziakoa.

Autokontsumoa handitu eta erregai fosil gutxiago erabili eta dirua aurreztuko du udalak.

Joan den urteko lastaila akaberaz geroztik Arakilgo Udalaren teilatuan eguzki-plakak daude. 9.971, 61 euroko inbertsioa egin du udalak. Ordainketa egiteko 5.000 euroko diru-laguntza izan du Arakilgo Udalak, zeinak espero duen inbertsioa 11 urtetan amortizatzea. Urteroko aurrezpena 430 eurokoa izanen da. Eguzki plaka horien bidez sortutako argindarraren erdia udaletxea energiaz hornitzera bideratzen da. Eta beste % 38 etorkizuneko kontsumoetarako gordetzen da. Kontsumo datuen berri ematen duen pantaila udaletxeko itxaron gelan ikus daiteke. Arakilgo udal arduradunen asmoa egitasmoaren berri arakildar guztiei jardunaldi baten bidez ematea da. Beti ere, halako neurriak hartu beharraren sentsibilitatea zabaltzeko.

Neurri hori jasangarritasunaren alde udalak hartutako hainbat neurriei segida ematen die. Izan ere, 2014tik Goiener kooperatibako bazkide da. Haren eskutik etorri zen 2017an biomasa galdara jartzea eta lastailean eguzki-plakak. Bestetik, udala birziklatutako papera erabiltzen hasi da. Kontzejuei dagokienez, Ihabarren antzeko galdara dute 2017tik.