Zabaleta eta Irribarria, txapeldunordeak

Guaixe 2019ko api. 7a, 20:59

Tentsio handiko partida gogorrean, 22 eta 19 galdu dute Irribarriak eta Zabaletak Elezkanoren eta Rezustaren kontra Binakako Pilota finalean. Akats asko egin dituzte txapeldunordeek

Binakako finala oso gogorra izan da, tentsio handikoa. Katedrak Irribarria eta Zabaleta jotzen zituen faborito eta dirua ere euren alde atera da, baina Elezkanok eta Rezustak hasieratik aldea hartu dute eta, aldiz, deseroso antzera ibili dira Zabaleta eta Irribarria, akatsak tarteko. 10era berdintzea lortu dute, eta partidak kolore urdina hartuko zuela espero zuten Bizkaira gerturatu diren zale sakandarrek, arakildarrak gehienak. Baina berriro aldea atera dute Elezkanok eta Rezustak, 16 eta 11, urdinen akatsengatik, bereziki. Hala ere, erantzun bikaina eman dute Irribarriak eta Zabaletak eta 16ra berdindu dute. Hurrengo tantoan, txapara joan zaie pilota eta ez dute markagailuan aurreratzerik izan. 19 eta 16 aurreratu dira Elezkano eta Rezusta, baina hurrengo tantoa urdinen aldera erori da, 19 eta 17.

Elezkanok ezker paretara hurbildu du pilota eta urdinek ezin izan dute erantzun. Horrela, 20. tantoa lortu dute gorriek, eta hurrena ere eurena izan da. 21 eta 17, gauzak oso zail jarri zaizkie Irribarriari eta Zabaletari, baina ez dute amore eman. Hurrengo bi tanto ikusgarriak Irribarriak eta Zabaletak egin zituzte: 21 eta 19, mirarian sinisten hasiak ziren Sakanako zaleak. Baina Irribarriaren pilota txapepera joan da eta 22 eta 19 irabazi dute Elezkanok eta Rezustak, merezimendu osoz.

Tamalez txapela ez da Sakanara etorri, baina zorionak eman behar dizkiogu Zabaletari eta Irribarriari, Binakako bikaina egin eta finalera iristeagatik, hori gutxien esku baitago. Orain, Etxarrenen afaltzera bilduko dira Zabaleta, senitartekoak eta lagunak.