Arakilgo udaletxean legealdi berrirako osoko bilkura larunbateko 11:00etan egin zuten. EH Bilduk baino ez du ordezkaritzarik eta aho batez izendatu zuten Oihana Olaberria alkate. Bederatzi zinegotzi izanen ditu koalizioak lau urteotan lan egin ahal izateko. “Gaur (larunbatean) tenporei esker eguraldi bikaina daukagu. Izan dadila legealdia gaurko eguna bezalakoa. Ekaitzak ere etorriko dira baina horiei ere aurre eginen diegu”, esan zuen aginte makila hartuta. Ibarra gidatzeko ardura hartuta, herri guztiendako eta bizilagun denentzako egin nahi dute lau urteotako bidea.