Aspaldi ikusi gabekoak elkar agurtzen. Familien berri ematen. Semea ezkonduko dela. Alaba haurdun dagoela. Senideak zer moduz? Halako elkarrizketak izan ziren Itxasperri ermitaren inguruan larunbat goizean. Arakilgo egunaren aurreneko partea han ospatu zen. Aralarko aingerua eta Egiarretako gurutzea aldean zutela hainbat arakildarrek Egiarreta eta Itxasperri arteko kilometro erdi eskaseko ibilbidea trikitilarien doinuak girotuta egin zuten. Behin ermitaren ondoan, Mikel Gartziandia apaizak Arakilgo soroak bedeinkatu zituen. Egiteko horren ondoren meza izan zen. Bertan, beste behin, Arakilgo abesbatzak parte hartu zuen.
Ermita erromanikotik atera ondoren, Arakilgo Udalak ibarrera ongi etorria eman zien joan den urtean jaiotako umeei. Bost ziren: Etxeberriko Maddi Goñi Galarza, Egiarretako Maren Lazkoz Rojo, Hiriberri Arakilgo Irune Pariente Goñi, Hiriberri Arakilgo Alexander Murillo Golovach eta Errozko Aimar Chavdarov Navarro. Aurreneko hirurak izan ziren Itxasperrin eta Iker Alegre zinegotziak ibarreko ttattarra jarri zien. Ondoren, Lakuntzako Elai Alai dantza taldeak dantza saioa eskaini zuen. Itxasperrikoa despeditzeko udalak otamena eskaini zien bertaratu ziren guztiei.
Itxasperritik ospakizuna Zuhatzura lekualdatu zen. Autoak larre batean aparkatu ondoren, frontoian jarritako karpa batean aterpe hartu zuten arakildarrek bazkaltzeko. Hala ere, mahaira eseri aurretik Artetan dagoen Iruñeko Erreinuko Etnografia Museoak jarritako jostailu zaharren erakusketa ikusteko aukera izan zen. 163 arakildar izan ziren ibarreko eguneko herri bazkarian. Majo bazkaldu ondoren, mahai-jokoen txapelketa eta haurrendako puzgarriak izan ziren. Dantzaldia ere izan zen. Zaporeak elkartekoek pintxo-potea eskaini zuten eta haren aldeko zozketa ere izan zen.