Arakilgo Udalak erabaki du yoga klaseak arakildar guztiei zabaltzea. Udaletik argudiatu dutenez, “etxean luze egotea tokatzen zaigun honetan, gorputza eta burua orekan mantentzea garrantzitsua da”. Yoga klaseak zabalduz, udalak arakildarrei eguna “atseginagoa” egin nahi die. Arakil osatzen duten 12 herriek ordezkariak dituzte ibarreko Kultur Kontseiluan. Udaletik lehenik haiei bidaliko diete yoga saioaren bideoa. Telefono mugikorreko whatsapp aplikazioaren bidez eginen dute. Ondoren, haiek herrietan sortuta dauden whatsappeko profiletara birbidaliko dute bideoa.
Ordutegiei dagokionez, astelehenetan eta ostegunetan Izaskunen yoga bideoa 18:30ean zabalduko du udalak. Eta astearteetan eta ostiraletan, berriz, Argimalutakena 10:30ean.