Arakil ibarra 12 herrik osatzen dute. Haietan 933 arakildar bizi dira. Eta COVID-19 gaitzak eragindako alarma egoeraren eragina ere ibarrera iritsi da. Eta ondorioei aurre egiteko Elkartasun Sarea sortu dute. Irantzu Eskudero Arakilgo Udaleko zinegotziak argitu digunez, “oinarrizko beharrei erantzuteko sarea da: erosketak egiteko, botikak erostera joateko, hondakinak ateratzeko…” Bestetik, bakarrik bizi diren pertsonen zerrenda egin dute. “Boluntarioen egitekoetako bat izanen da pertsona horiei hots egitea, “zer moduz dauden galdetzeko, ikusteko zein behar duten eta, pixka bat, bakardadea pixka bat arintzeko”.
Zinegotziak azaldu digunez, udal taldean sortu zen Elkartasun Sarea eratzeko ideia. “Hau guztia sortu zenean aurreneko pausoa kontzejuetako ordezkariekin hitz egitea izan zen, egoera zein zen eta zein behar zeuden jakiteko”. Eskuderok azaldu duenez, hasiera batean ez zuten beharra ikusten halako sare bat sortzeko, “momentuz”. Baina aurreko asteburuan laguntza sarearen komenigarritasunaz aritu ziren eta aurrera egin zuten. Arakilgo Udala ibarreko kontzejuekin harremanetan jarri eta bina boluntario eskatu zizkien. “Erantzuna oso-oso ona izan da. Herri guztiek erantzun dute, denetan atera dira boluntarioak, bi baino gehiago”.
Udalak Elkartasun Sarearen berri herri guztietan jarri diren bandoen bidez eman du. Baina horretaz aparte, “herri guztiek beraien whatsapp taldea dute eta hori erabili dugu. Baina kontzejuetakoei eskatu diegu ere whatsappik ez duten pertsonak ere kontuan hartzeko eta horrela herritar guztien artean zabaltzeko”. Eskaera batzuk jaso ditu dagoeneko Arakilgo Elkartasun Sareak. Haietako bat Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik bideratutakoa izan zen. Beste kasuetan, arakildarrek zuzenean udaletxera deituta jaso dituzte eskaeren berri. Eskuderok azaldu duenez, “jendea oso eskertuta dago. Halakoek jendearen elkartasuna areagotzen dute. Ikusten ari gara jendea laguntzeko prest dagoela”.