Nekazaritzaren kultura berreskuratuz

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko eka. 1a, 13:09
Nekazaria haztegian. SGA

Arakilgo biodibertsitatea eta ekosistema berreskuratzeko proiektua martxan jarri dute Arakilgo Udalak, Sakanako Garapen Agentziak eta Arrea elkarteak. Bertako haziak eta nekazaritza ohiturak berreskuratzea du helburu proiektuak.

Garai batean nekazariek etxeko eta bertako haziak landatzen zituzten. Behin uzta jasota, haziak gordetzen zituzten hurrengo sasoian berriz landatzeko. Horrela, denborarekin bertakoak diren haziak sortzea lortu zuten. Hazi hauek tokiko ekosistemara egokituta daude: lurraren propietate eta klima jakin horretarako garatu dira. Baina industria nekazaritzarekin haziak gordetzeko ohitura galtzen joan zen. Hazi hibridoek garrantzia hartu zuten nekazaritza intentsiboak lekua hartu zuelako. Hortaz, aniztasun handiko nekazaritza batetik monolaborantzara pasa zen eta bertako haziak gordetzeko ohitura autokontsumorako baratzeetan eta etxeetan gelditzen zen. Arakilgo Udalak bertako hazi eta espezie horiek berreskuratzeko proiektua martxan jarri du. Bertako biodibertsitatea eta nekazaritza tradizionala balorean jarri nahi du proiektu honen bidez.


Tipularen lorea. SGA

Arakilgo Udalaren ardatz nagusietako bat biodibertsitatea dela azaldu du Oihane Olaberria Jaka alkateak. Gainera, ondare materiala eta immateriala berreskuratzeko lanean ari dira aspaldi. "Nekazaritza identitatearen parte da". Gaur egungo nekazaritza intentsiboek lurrarekin "errespeturik ez" dutela azaldu du Olaberriak, eta beraz "bide batzuk irekitzeko beharra" zegoela.

Sakanako Garapen Agentziako ildo nagusietako bat nekazaritza jasangarria sustatzea da. Arakilgo Udalak bailararen biodibertsitatea berreskuratzeko interesari eta Sakanako Garapen Agentziaren estrategiari, Arrea elkartea batu zitzaien. Arrea Nafarroako agroekologia elkarte bat da, eta agroekologiaren eta nekazaritza garapen jasangarriaren inguruan lan egiten du. Oihana Olaberria Arakilgo alkatea, Nerea Viana Sakanako Garapen Agentziako elikadura teknikaria eta Esther Montero Arrea elkarteko teknikaria izan dira proiektuaren "talde eragilea".

Koronabirusak sortutako egoerak goitik behera aldatu zuen proiektuaren martxa. Hortaz, urratsak aldatu behar izan dituzten arren, aurreko astean bilera "txiki" bat egin zuten eta lehenengo haziak banatu zituzten. "30 edo 40 pertsona inguruk adierazi dute interesa". Arakilgo hamabi kontzeju bakoitzetik pertsona batek gutxienez proiektuan parte hartuko duela esan du Olaberriak.

Haziak eta fruta arbolak berreskuratzeko eta biderkatzeko proiektua da Arakilgo biodibertsitatea berreskuratzeko proiektua "hitz potoloen" atzean dagoena. Ez hori bakarrik, hazien berreskuratzearekin batera hauek lantzeko eta landatzeko nekazaritzaren tradizioa berreskuratzeko ahalegina egingo dute ere. Bertako nekazaritza eta espezieak balorean jartzeko proiektu oso bat da.


Txikoria. SGA

Proiektuaren lehenengo urratsa, beraz, haziak berreskuratzea da. Alde batetik, Arakilgo hamabi kontzejuetatik "mapeo" bat egin dutela azaldu du Olaberriak. Horrela, etxeetan bertako zenbat hazi gordetzen diren jakin ahal izango dute. Gainera, germoplasma bankuetara jo dute Sakanako eta Arakilgo espezieak bilatzera. Madrilen, Zaragozan eta Nafarrorako Unibertsitate Publikoko bankuetan aurkitu dituzte Sakanako eta Arakilgo haziak edo espezieak, esaterako, hamalau sagar mota, horien artean horia eta goiztiarra; aza kizkurra; Ihabarko neguko letxuga, lekaleak, Hiriberri Arakilgo baba txikiak, Lakuntzako txitxirioak edo babarrun beltzak. Banku publiko hauekin hitzarmenak sinatu dira eta bankuetan kontserbatutako hazi horietako batzuk dagoeneko Arakilgo lurretan landatuta daude. Beste batzuk, babarrunak kasu, "bidean daude". "Berandu goaz baina ahalegin guztiak egingo ditugu hazi horiek biderkatzeko".

Tradizioa
Sakanan, "leku guztietan bezala", nekazaritza anitz zela azaldu du Esther Monterok. Produktuak toki horretara egokituz joan ziren mendeetan zehar. Horrela, herrietako espezieak eta haziak sortu ziren. Nekazaritzaren historian sortutako aniztasun hori nekazaritza biodibertsitatea da. Lurraren erabilpen integral hori desagertu zen industria nekazaritza eta nekazaritzaren espezializazioa areagotu zenean. Nekazari txikiek ere industriara salto egin zuten. Beraz, aniztasunetik monolaborantzara pasa zela azaldu du Monterok: "Espezie eta barietate gutxiago landatzen hasi zen, eta, gainera, espezie horiek hibridoak ziren eta enpresa gutxi batzuen esku zeuden".

Historiaren prozesu horretan mundu osoan "galera handia" egon dela esan du Monterok. Are gehiago herrialde industrialetan non dibertsitatearen galera "larriagoa" den. "Biodibertsitatea oinarrizkoa da elikatzen gaituelako. Biodibertsitateaz hitz egiten dugunean elikatzea posible egiten duten espeziei buruz ari gara: garia, tomatea, sagarrondoak…". Hala ere, galera horretatik badira oraindik bertako espeziek gordetzen dituzten nekazari txikiak, "haien autokontsumorako baratzeetan landatzen dituztenak".


Mahats heldugabe. SGA

Momentu hau "nahiko kritikoa" dela esan du Monterok. "Bertako haziak eta barietateak gordetzen dituzten pertsonak adinekoak dira. Beste nekazaritza mota bat ezagutu zuten eta haziak gordetzeko eta landatzeko jakintza eta ohitura horiek ezin dira galdu". Izan ere, pertsona hauek hiltzen direnean edo baratza uzten dutenean, haziak eta ohitura galtzen dira: "Ez dute ikusten oso garrantzitsua dela hori oinordekoei uztea. Ez dute esaten: ‘hazi hau gorde ezazu nire amonarena zelako’. Hiltzen direnean bertan gelditzen da".

Berreskuratzailea
Bailaran gera daitezkeen haziak berreskuratzea da proiektuaren helburu nagusietako bat. "Zertarako berreskuratu nahi ditugu? Museo batean jartzeko? Ez. Tokiko nekazaritzara egokitutako espeziak direlako berreskuratu nahi ditugu. Erresilientzia handiagoa dute eta krisi garaietara hobe eranzuten dute". Izurriteei eta gaixotasunei aurre egiteko gaitasun handiago dutela esan du Monterok: "Gure arbasoek tokiko lurrera eta klimara egokitutako haziak dira. Hori balore gehigarri bat da".

"Nekazaritza kultura da. Hizkuntza bat galtzen den bezala haziak galtzea oso garrantzitsua da. Baina oraindik ez da sentsibilitate hori garatu". Hortaz, bertako haziek nekazaritza eta elikadura aldetik izan dezatenen balorea ez ezik, hirugarren elementu bat gehitzen da. Arakilen herritarrek zer esan handia izango dute zeregin honetan: "Haziak herritarrei eskainiko zaizkie eta gordetzeko eta mantentzeko sare partehartzaile bat garatuko da. Horrela baliabide jasangarri gehiago izango ditugu". Bertako autokontsumorako, merkataritzarako edota gastronomiarako sustatzeko erabiliko dira Arakilen landatutako bertako haziak. Beraz, jateko ohitura galdu diren hainbat produktuek, "baba txikiak, esaterako", bertako gastronomia sustatzeko aukera eman dezakete. "Ezin direlako beste leku batean egon. Sakanakoak dira". Ikerketek diotenez, bertako produktuek nutrizo aldetik zein zaporetik "askoz aberatsagoak" dira. Biodibertsitatea berreskuratzeko proiektuak "osotasun" bat osatzen du: "Bertako nekazaritza eta merkataritza sustatzea eta nekazaritza kulturara eta gastronomiara lotzea".


Porruaren lorea. SGA

Hazien bila
Biodibertsitatearen galera ez da gaur egungo arazoa. 1970eko eta 1980eko hamarkadetan konturatu ziren nekazaritzak hartu zuen ibilbideaz eta bertako hazien galeraz, eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak barietateen aberastasuna gordetzeko proiektu bat jarri zuen martxan. Beraz, estatu osotik joan ziren bertako haziak hartuz. "Nafarroan eta Sakanan egon ziren ere eta hazi batzuk gorde zituzten". Hazi horiek Madrileko, Zaragozako eta Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Publikoan topatu dituzte.

Bankuekin hitzarmena egin dute eta bankuek hazi bakoitzaren lagin bat eman diete. Arakilen interesa duen jendeak hazi horiek landatu ditu dagoeneko eta udazken aldera produktu horiek dastatzeko aukera izango da. "Trebakuntza eta sentsibilizazioa oso garrantzitsuak dira". Beraz, Arakilera itzuli diren lehenengo hazi hauek biderkatuko dira eta horietatik hazi berriak sortuko dira. Lagin bat bankuetara itzuli beharko dute, bertako hazi horiek kontserbatzen jarraitzeko. Ondoren, hazi edo frutarbola bakoitzarekin katalogo bat osatu nahi dute.

Sarea
Oraindik ere proiektuan eta haziak "gordetzeko eta zaintzeko" sare horretan parte hartzeko aukera dago eta interesa dutenek info@arakil.net edo  ester@arrea.net e-mailetara mezu bat idatzi behar dute.

Erlazionatuak