Aurten ere euskarazko aisialdi kanpusa izanen da udan

Guaixe 2020ko eka. 30a, 10:58
Aisialdi kanpusaren aurreko edizio bat.

Beharrezko segurtasun neurriak hartzeko bi txanda izanen da, eta haietako bat aukeratu beharko da. Izena ostegunera arte eman daiteke. 

Uda honetarako ere aisialdi kanpusa antolatu du Arakilgo Udalak. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako aisialdi eskaintza da. Aurtengo berezitasuna COVID-19 gaixotasunaren ondorioek ekarri dute. Arakilgo Udalak txanda bakarra izan beharrean bi txanda antolatzea erabaki du, beharrezko segurtasun neurriak bermatuko dira. Gainera, haur taldeak txikiagoak izanen dira eta kanpusa ez da herriz herri ibiliko. Gurasoek izena ematean bi txandetako bat aukeratu beharko dute: garilaren 20tik 31ra eta agorrilaren 3tik 14ra. Astegunetan 10:00etatik 13:00etarara izanen da. 

Arakilgo Udalaren 634 584 223 telefonoko Whatsapp aplikazioaren bidez eman daiteke izena. Horretarako, udalak galdetegi bat bidaliko du. Hura betetzeko azken eguna osteguna izanen da. Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, euskarazko udako aisialdi kanpuserako plazak mugatuak dira.  Beraz, lehentasuna izanen dute hurrenkeran: arakilen erroldatutakeak, Arakilen bigarren etxebizitza dutenek, Irurtzunen erroldatutakoek eta beste guztiek. Sailkapen hori nahikoa ez balitz, familia eta lan kontziliazioa errazteko asmoz, bi gurasoak lanean edo guraso bakarreko familiak lehenetsiko dira. Azken aukera zozketa litzateke. Kanpusean parte hartzeagatik arakildarrek 40 euro pagatu beharko dituzte. Arakilen erroldatuta ez daudenek, berriz, 50.