Irunberriko arroila bertatik bertara ezagutzeko aukera

Guaixe 2020ko uzt. 20a, 12:56
Irunberriko arroila jaisten. Argazkia: www.nattura.com

Agorrilaren 1erako txangoa antolatu du Arakil Kulturak, 12 eta 30 urte arteko gazteenako. Asteazkenera arte eman daiteke izena Whatsappez bidaliko den galdetegiaren bidez.

Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuak, Arakil Kulturak, Irunberriko arroila baltsa pneumatikoan jaisteko aukera eman du. Udarako proposamen horren bidez, Irunberri eta Ledea herrien arteko zeharkaldia eginen dute parte-hartzaileek, Irati ibaian. Zazpi km-ko ibilbidea da, hiru ordutan egiten dena. Ginkana modukoa dela gaztigatu du Arakil Kulturak, lekuko historia eta natur ezagutzari buruzko jolasa baita. 

Arakil Kulturak azaldu duenez, egun guztirako irteera da agorrilaren 1erako, larunbaterako, antolatutakoa. Nork bere bazkaria eraman beharko du. COVID-19 garaian gaude eta jarduera hori egiteko Osasunbideak emandako aholkuak jarraituko dituzte parte-hartzaileek; esaterako, musukoa nahitaezkoa izanen da. Arroila jaitsieran aritu nahi duten arakildarrek 5 euro pagatu beharko dituzte, 8 ibarrean erroldatuta ez daudenek.