Arakil ezagutzeko ibilbide sarea

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko abu. 6a, 13:37

Ibarrari buelta ematen dio Arakilgo Birak. Seinaleztatutako 85 km-ko ibilbide sareak ibarra ezin hobeto ezagutzeko aukera aparta ematen du. Herriak eta natura eta arkitektura ondarea ezagutzeko aparteko aukera ematen du

Ikusi pantaila osoan

Arakil ibarra bertatik bertara ezagutarazten duen ibilbidea da Arakilgo Bira. Ikuspegi oparoak eskaintzen dituen ibilbidea da. Ibarretako lautadetako lursailen artean ibiltzeko aukera ematen du. Garai honetan, uzta jaso berritan, ibintzek horitutako soroak gelditzen dira. Haiekin kontraste ederra sortzen du bazkarako larreen edo artasoroen berdetasunak, baita Arakil ibaiaren ibilbidea salatzen duten txipuek ere. Urtaro bakoitzak bere kolore paleta hartzen du, sasoi guztiak bihurtuz bisitarako aitzakia. Gainera, iparreko eta hegoko mendien ikuspegiak ere badira ikusmenaren atsegingarri. 

Izan ere, Aralar mendian eta Satrustegiko mendizerran sartu-irtenak egiten ditu Arakilgo Birak. Magaletako hariztiak eta pagadiak lotzen ditu bide sareak. Eta haietan bizi den fauna aberatsaren arrastoak sumatu, hura entzun eta, zorte pixka batekin, ikusteko aukera izanen du bisitariak. 

Ibarrari buelta ematen dion ibilbidea izanik, Arakilgo edozein herri bihurtu daiteke ibilaldiaren abiapuntua. Arakilgo hamabi herriek dituzte komunikazio egokiak, beraz, haietako bat aukeratu eta ibilbideari ekiteko ez dago inolako aitzakiarik. Arakilgo Birak, beraz, aukera egokia eskaintzen du, batetik edo bestetik abiatuta, hainbat ibilaldi prestatzeko eta, pitteka-pitteka, Sakana ekialdea hobeki ezagutzeko. 

Arakili buelta ematen dion ibilbide nagusiaz aparte, Arakilgo Birak bere baitan ibilbide laburragok baditu ere: puntu batean hasi eta bukatzen diren ibilbide laburrak. Guztira hamaika ibilbide motz dira markatuta daudenak (mapan gorriz adieraziak). Txango laburretarako aitzakia ederra izan daitezke guztiak. 

Eta horiek nola egin? Inguruarekin kontaktu estuagoa eskaintzen duen esperientzia oinez egindako txangoa da. Eta halakoa da Arakilgo Bira. Luzeraren arabera, eskarmentudun mendizaleen irteera izan daiteke, edo familia giroan egitekoa. Baina mendi bizikleta maite duen bisitariak ibar hondoko dermioko bide zabalak erabil ditzake, joan-etorriak egin eta ibarra abiadura handiagoan ezagutzeko. 

Loturak 
Arakilgo Birak beste hainbat ibilbiderekin bat egiten du. Horietako hiru mendi gainetara eramaten duten bideak dira eta propio seinaleztatuta daude: Irurtzundik Ergara igotzen dena (Aizkorbetik bidea laburragoa da), Urritzolatik Gaztelu mendira igotzen dena eta Satrustegiko portua (berdez mapan). Bestalde, Arakilgo Birak bat egiten du Irurtzunen Plazaola bide berdearekin, baita Erga magalean dagoen saien ibilbidearekin ere. 

Ibarrak bi arrate ikusgarri ditu ere: Biaizpekoa, Irurtzunen, eta Oskiakoa, Errotzen. Bien ondoan Nafarroako  Erresuma defendatu zuten bi gazteluren aztarnak daude: Aixita (Egiarretatik joan daiteke) eta Gaztelu (Urritzolatik gora eginda). Larraun ibaiaren eraginez sortu zen Biaizpe. Ibai horrek Urritzolan bat egiten du Sakana guztia zeharkatzen duen Arakil ibaiarekin. Izurdiaga eta Urritzola arteko paseoa aitzakia izan daiteke parajea ezagutzeko. 

Etxeberritik bat egin daiteke arrantzaleen ibilbidearekin. Egiarretara joaten direnek Itxasperriko ermita erromanikoa ikusteko aukera izanen dute. San Antonio Abadeari eskainitako herriko elizan, berriz, errenazimenduko XVI. mendeko erretaula ikusteko aukera dago. Nafarroako Gobernuak kultur intereseko ondare izendatu du erretaula. 2011n zaharberritu zuten. 

Etxarrengo elizako ate gotikoa (XIII. mendekoa omen) bisitatzearekin batera, ibar erditik dauden ikuspegiez gozatzeko aukera ematen du. Ekairen sarreran dorretxe bat ikusteko aukera izanen du bisitariak. Zuhatzu bisitatzen duenak ibarreko arkitekturaren ezaugarriak ezagutzeko aukera izanen du. Satrustegi hegoaldean, berriz, txondorra bisitatzeko aukera dago. Hiriberrira sartzen den bidaiariak armarriak dituzten etxe puskekin eginen du topo. 
Ibarreko gainontzeko herrietan bezala, Ihabarren XVIII. eta XIX. mendeetako etxeen artean paseatzeko aukera izanen da. Herriko ihotea eta dantza bizirik mantendu dituen oihartzuna antzerki taldearenarekin nahasten da. Irañetan, bargan, Nafarroako Gobernuak natura ondare izendatutako bost haritz zahar bisita daitezke. Eta abereak nola ferratzen diren irudikatu daiteke udaletxearen atzeko aldean dagoen ferratokiarekin. Arakilgo Birako ibilbidea, bestalde, hainbat ermitaren ingurutik pasatzen da. Haiek garai bateko ibarreko herri despopulatuen lekuko mutuak dira.