Arakilgo Udalak bando bidez jakinarazi du larunbatean ospatzekoa zen Arakilgo eguna bertan behera gelditu dela. COVID-19 gaixotasunak sortutako osasun-krisiaren eraginez hartu du erabakia udalak, jende pilaketak saihestu eta gaitzaren hedatzea eragozteko. Aurtengoak Arakilgo Egunaren 17. edizioa izan behar zuen. Itxasperri ermita erromanikoaren inguruan elkartzen ziren arakildarrak lehenik, eta, ondoren, ospakizuna ibarreko beste herri batean segitzen zuen.
Arakilgo Udalak aurreko urtean jaiotako haurrei ongi etorria egiten die Itxasperrin. Aurten ezin izanen da halakorik egin. Hala ere, Arakil Kulturak azaldu digunez, larunbatean ibarreko hiru herrietatik abiatuko diren hiru zutabe izanen dira. Zutabe bakoitza Arakilgo herri batetik pasako da eta 2019an jaiotako arakildarren etxeetan geldialdiak eginen dituzte. Geldialdi horietan, haurri ibarreko ttattarra oparituko diete. Bestalde, pandemiak eragindako krisian laguntzen egon diren 30 bat pertsonak omenduko ditu udalak ere. Ekitaldi sinbolikoa izanen da Itxasperrin eginen dutena. Ordezkaritza txiki batek jasoko du oroigarria. Boluntario gehienek etxean jasoko dute oroigarria.
Non eta noiz izan den ospakizuna
- 2020 Bertan behera, COVID-19 gaitzagatik
- 2019 Zuhatzu
- 2018 Satrustegi
- 2017 Hiriberri
- 2016 Ihabar
- 2015 Etxarren
- 2014 Urritzola
- 2013 Zuhatzu
- 2012 Aizkorbe
- 2011 Egiarreta
- 2010 Etxeberri
- 2009 Ekai
- 2008 Izurdiaga
- 2007 Errotz
- 2006 Satrustegi
- 2005 Ihabar
- 2004 Hiriberri