Arakilgo etxeen izenak ikertzeko Jimeno Jurio Beka deitu du Arakilgo Udalak

Guaixe 2020ko aza. 24a, 12:11

Satrustegiren ikuspegia, kanpandorretik. Arakilgo etxe guztien izenak jaso nahi ditu Udalak.

Helburua Arakilgo ondarea eta historia ikertu eta jasotzea da, 1920 baino aurreragoko etxeen izenak jasoko dituen katalogoa sortzeko. Lana egiten interesa duten ikerlariek abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dute euren egitasmoa Arakilgo Udal erregistroan

Ondare ez materiala eta materiala berreskuratzeko bidean beste aurrerapauso bat egin du Arakilgo Udalak eta Arakilgo ondarea eta historia ikertzeko Jimeno Jurio Beka deitu du. Beka lortzen duen ikerlariak Arakilgo Bailara osatzen duten 12 kontzejuetako etxe-izenen eta hauen garapenaren ikerketa bat egin beharko du, 1920 baino lehenago eraikitako etxeen ingurukoa. 

Arakilgo Udalak 6.000 euroko diru kopurua zehaztu du Jimeno Jurio Bekarako. Deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da unibertsitateko goi mailako titulazio bat izatea, eta historia, patrimonioa edo antropologiarekin zerikusia dutenak lehenetsiko dira. Interesatuak bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira deialdira, eta Euskal Herriko udal batean erroldatuta egon beharko dute. Eskaera orria, dokumentazioa eta informazio guztia www.arakil.net webgunean dago eskuragai, eta interesatuek euren ikerketa egitasmoa abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dute Arakilgo Udal erregistroan. Beka lortzen duenak %40 proiektua hautatutakoan jasoko du, %30 lau hilabete igaro eta egindako lanaren txostena aurkeztu eta gero, eta %30 lanaren bukaeran eta emaitzak eman eta gero. Bekadunak beka ematen denetik urte natural bateko epea izango du lanak egiteko. 

Etxe-izenen katalogoa sortu
Jimeno Jurio Bekarekin Arakilgo Udalak bailara osatzen duten 12 herrietako etxe-izenen katalogo bat sortu nahi du, eta izendapen horien garai historikoaren inguruan hausnarketa bat. Adierazi bezala, 1920a baino lehenago eraikitako etxeen izenak ikertuko dira. Ikertzaileak gaia landu eta osatzeko iturri ezberdinetara jo beharko dute: iturri dokumentaletara, bibliografikoetara, grafikoetara edota ahozko transmisio iturrietara. Arakilgo Udalak lana argitaratzeko eskubidea izanen du, behin epaimahaiaren oniritzia jasota.