Ibarra dozena bat herriz osatuta dago eta herri bakoitzak errealitate eta ezaugarri desberdinak ditu, baina hamabien artean osatzen dute Arakil. Oihana Olaberria Jaka alkateak adierazi duenez, “parte hartze prozesuaren bidez ibarreko errealitate horiek ezagutu eta etorkizuna irudikatzeko”. Eta prozesua abiarazteko ibarreko erronkak, gabeziak, indarguneak, galdetegi bat prestatu dugu. “Helburua da herrien ikuspegiak jasotzea”. Horretarako, ahalik eta arakildar gehienek galdetegia erantzutea nahi lukete Arakilgo Udaleko arduradunek, “emaitza plurala izateko”.
Hamasei urtetik gorakoek erantzun ditzakete galderak, Arakilen erroldatuta egon edo ez. Galdetegia arakildarren artean Whatsapp aplikazioaren bidez zabaldu du Arakilgo Udalak. Baina paperean erantzuteko aukera ere izanen da. Horretarako, Arakilgo Kultur Kontseiluko kide diren herrietako ordezkariengana jo beharko da. Galdetegia abendu akaberan zabaldu zuten eta erantzunak hilaren 20ra arte eman daitezke. Erantzunak jaso ondoren Arakilgo Udalak, Emun enpresarekin batera, balorazio txostena eginen dute eta hura arakildarren esku utziko dute.
Olaberriak azaldu duenez, “parte hartze prozesua joan den urtean aurrera eraman nahi genuen. Urte osoko prozesua zen, baina egoera dela eta bertan behera utzi genuen. Inkesta hasiera puntutzat jotzen dugu eta aurreikusten dugu prozesu zabalago eta sakonago bat egitea, baina egoerak aginduko du”. Alkateak azpimarratu duenez, “oso beharrezkoa ikusten dugu ibarra pultsatzea, jendeak norantz joan nahi duen, zein diren benetako beharrak jakitea”.
Galdetegiaz
Adinaz, generoaz, herriaz, herrian egiten den bizitzaz, bizitza horren gogobetetzeaz, ibar sentipenaz eta bestelakoak galdetuz hasten da galdetegia. Arakilgo zerbitzuen inguruko galdera sorta bat ere badu galdetegiak, besteak beste: ibarrak dituen zerbitzuekin gustura zaude? Zein zerbitzu, ekintza edo proiekturen falta sumatzen duzu? Ibarrean zerbitzu gehiago baleude erabiliko zenituzke? Udaletxea Irurtzundik beste kokaleku batera eramatea gustatuko litzaizuke? Ibar guztiari zerbitzuak emateko espazioak behar dira?
Etxebizitza premiari eta azpiegitura handiei buruz ere galdetzen zaie arakildarrei. Ingurumena ere bada galdegaia eta kutsadurari buruzko kezka, egungo laborantza ereduari buruzko iritzia eta horri lotutako zein proiektu garatuko lituzketen galdetzen zaie arakildarrei. Lan arloaz aparte eta adinekoen, gazteen eta haurren egoerari eta beharrei buruzko galderak ere baditu galdetegiak.