Dinamizazio soziokulturaleko lanposturako izangaien zerrenda osatuko da

Guaixe 2021ko api. 6a, 12:32
Arakilgo udaletxea eskuinean.

Hautaproben bidez aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat sortuko du Arakilgo Udalak, sortzen diren aldi baterako beharrei erantzuteko eta ordezkapenak egiteko. Interesa dutenek apirilaren 26ra arte aurkeztu dezakete eskabidea.

Ibarrean dinamizazio soziokulturaleko lanak egiteko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat sortuko du Arakilgo Udalak. Oposizio-lehiaketa bidez eta hautaprobak eginez osatuko du izangaien zerrenda. Han dagoen pertsonaren bat dinamizatzaile izendatuz gero, esku-hartze soziokulturaleko proiektua diseinatu, planifikatu eta gauzatuko du udalerrirako. Ibarra 12 herriz eta 11 kontzejuz osatua dago. Dinamizatzaileak haiekin eta udalerriko elkarteekin eta mugimenduekin harremanean egon beharko du. 

Zerrenda indarrean izanen da agortzen den arte. Dinamizatzaile izendatutako pertsona Arakilgo Udalaren aldi baterako lan-kontratudun bilakatuko litzateke. Bere lanpostua lanaldi erdikoa izanen da eta B mailako ordainsariak izanen ditu. Interesa dutenek euskara jakin beharko dute, C1 maila edo baliokidea eskatu du udalak.