Ez da Arakilgo Egunik izanen

Guaixe 2021ko uzt. 23a, 13:04
Itxasperri ermitan ez da arakildarrik elkartuko aurten. ARTXIBOA

Pandemiagatik bertan behera uztea erabaki du udalak.

Jende pilaketak saihestu, eta koronabirusaren hedapena mugatzeko eta osasun publikoko arduradunek COVID-19 gaitza ez zabaltzeko hartutako neurriekin bat eginez, Arakilgo Udalak bertan behera utzi du ibarreko egunaren ospakizuna. Pandemiak arakildarren topaketa eguna eragozten duen bigarren urtea da. Igandean Arakilgo Egunaren 17. edizioa zen ospatzekoa. 

Hala ere, udalak iganderako egitarau sinbolikoa antolatu du. Goizean txistulariek herriak beraien doinuekin alaituko dituzte. COVID-19 gaitza ez zabaltzeko ezinen da haiekin kalejiran ibili eta etxe paretik entzun beharko dira musikariak. Horrekin batera, 90 urte baino gehiago dituzten 19 arakildarren etxeetara joanen dira udal ordezkariak. “Ibarrari emandakoa eskertu eta pandemia garaian hain gaizki pasa duten arakildarrei eskerrak eman nahi dizkiegu”, azaldu du Oihana Olaberria Jakak. Azkenik, urtero moduan, joan den urtean jaiotako ume arakildarrei ongi etorria emanen die udalak. 

Non eta noiz izan den ospakizuna

  • 2021 Bertan behera, COVID-19 gaitzagatik
  • 2020 Bertan behera, COVID-19 gaitzagatik
  • 2019 Zuhatzu
  • 2018 Satrustegi
  • 2017 Hiriberri
  • 2016 Ihabar
  • 2015 Etxarren
  • 2014 Urritzola
  • 2013 Zuhatzu
  • 2012 Aizkorbe
  • 2011 Egiarreta
  • 2010 Etxeberri
  • 2009 Ekai
  • 2008 Izurdiaga
  • 2007 Errotz
  • 2006 Satrustegi
  • 2005 Ihabar
  • 2004 Hiriberri