Arakilgo Udala bere Plan Orokorrean moldaketa bat egin eta lehentasunezko birgaitze eremua mugatzeko espedientea tramitatzekotan da. Udalak onartu ondoren Nafarroako Gobernuari emanen diote erabakitakoaren berri. Eta Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, urteko bigarren erdialderako indarrean egotea nahi lukete.
Lehentasunezko birgaitze eremu izendapena lortzeko bete beharreko makina bat baldintzen artean dago, esate baterako, etxebizitzen %80ak 50 urte baino gehiago izatea. Aldaketa indarrean sartzen denean eraikinen zaharberritzeagatik eta lan horiek egiteagatik dirulaguntzak eskuratzeko aukera izanen da. Izendapen berriak zer ekarriko duen azaltzeko jardunaldia antolatu zuen Arakilgo Udalak udaletxean bertan hilaren 12an. Udal arduradunek azaldu zuten eraikin batean zaharberritze lanak egin eta dirulaguntzak jasotzeko baldintza batzuk bete beharko direla, esaterako: etxebizitza gisa erabiltzea, antolamendutik kanpo ez egotea, Arakilgo Udalak izendatzen duen Esku hartze Orokorreko Plan baten bidez izendatzen dituen lehentasunezko zaharberritze eremuetan egotea eta Nafarroako Gobernuaren zaharberritze babestuaren kalifikazioa izatea.