Ibarreko ondarearen eta historiaren inguruan lan bat egiteko, Arakilgo Udalak Jimeno Jurio 2022 izeneko bekaren deialdia egin du. Haren bidez gaur egungo eta historikoki egon diren ondare elementuak (larrainak, karobiak edo kisulabeak, ikuztegiak edo labaderoak, matsardeak edo kirikinausiak, labeak, angioak, saroiak, meategiak, harrobiak, elurzuloak, errotak, burnitegiak, sutegiak, teileriak, dolareak, batanak, perratokiak, zubiak, galtzada, etab.) katalogatzea, artxiboetatik, landa lanetik eta ahozko inkestatik datorren informazioa kontuan hartuz.
Deialdira unibertsitateko goi mailako titulazio bat duten pertsonak aurkez daitezke, baina historia, patrimonioa, etnografia eta antropologiarekin zerikusia dutenak lehenetsiko dira. Bakarka edo taldean egin daiteke lana; taldean bada beka bakar bat izango da eta taldeak arduradun baten ordezkaritza izan beharko du. Interesatuak Euskal Herriko udal batean erroldatuta agertu beharko dira. Beka hartzen duenak 6.000 euro jasoko ditu, eta beste mila euskaraz aurkeztuta badago. Bekaren hartzaileak hura ematen diotenetik urte bat izanen du lana despeditzeko. Udalak lana argitaratzeko eskubidea izanen du.
Bigarren aldia da Arakilgo Udalak beka deialdia egiten duena. 2020Ko deialdian Arakilgo etxe izenak ikertzeko beka eman zuen. Haren emaitza Jose Luis Erdozia Mauleonen Arakilgo ekialdeko etxe-izenak historian barna liburua da.