Futbola

Zaldua Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeoko finalerako sailkatu da

Guaixe 2022ko ots. 22a, 10:01

Finalerdietan Bidezarrari irabazi zion, binakako berdinketa hausteko penalti txandan (2 eta 4) eta Unzitiren kontra jokatuko dute finala, martxoaren 26an edo 27an

Arakilgo Zaldua futbol taldeak Elomendiko 50. Urteurreneko Trofeoko finala jokatuko du. Asteburuan Trofeoko finalerdiak jokatu ziren, eta Bidezarraren eta Zalduaren arteko partida lehiatua binako berdinketarekin despeditu zenez, penaltiek erabaki behar izan zuten. Penaltietan finago ibili ziren arakildarrak eta, azkenean, 2 eta 4 irabazita, martxoaren 26an edo 27an jokatuko den final handirako sailkatzea lortu zuten. Final handian, Unziti izango dute aurkari. 

Izan ere, Elomendiko Futbol Txapelketak 50 urte bete ditu eta hori ez da nolanahikoa. Aurtengo Trofeoak urteurrena ospatuko du, baina ligak bere horretan jarraitzen du. Momentuz, eta hamabost jardunaldi jokatuta,  Elomendi da liderra (38 puntu) Zaldua taldearen aurretik (31 puntu). Ihote ospakizunak direla eta asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, baina martxoaren lehen asteburuan bueltan egonen da txapelketa.