Garai batean, Arakilgo udal batzarrak Itxasperriko Santiago ermitan egiten ziren, are gehiago, atearen ondoan etxe bat gehitu zioten, bertan batzarrak egin ahal izateko. Erdi Arotik Itxasperri arakildarren "gune zentrala" izan dela esan du Juantxo Madariagak. Urtero, ohiturari jarraiki, Santiago egunean Arakilgo Bailararen Eguneko zenbait ekitaldi ospatzen dituzte.
Batzarrak
"Itxasperri ez zen batzarrak egiten ziren toki bakarra. Udaletxerik ez zegoenean, nahiko kontu modernoa baitira, non biltzen ziren udalak? Elizan". Itxasperri Arakilgo bailararen batzarrak egiteko tokia zela esan du Juantxo Madariaga Orbeak. "Neurri batean udaletxea hau zen". Elizari itsatsita eraikin bat egin zuten, elizatik kanpo bilkurak egin ahal izateko. Udaletxea egin zutenean eraikina bota egin zuten. Itxasperri eraberritu zuten garai horretan ere, 1980ko hamarkadan. "Dena den, Hiriberrin ere bulego bat zegoen, baina sinbolikoki Arakilgo gune zentrala hau izan da".
Itxasperritik "bide oso inportante" bat pasatu izan da "betidanik": erromatarren garaian Astorga eta Bordele elkartzen zituen galtzada nagusia. "Oso bide garrantzitsua izan da, ez bakarrik Arakil, Sakana edo Nafarroan, Europan ere bai". Atlantikora joaten zen bidea zen, eta, horrekin lotuta, tradiziozko ogibide bat zegoen, mandazainak. "Egiarretan, adibidez, garai batean, gehienak mandazainak ziren".
Erdi Aroan, aurretik bide erromatarra izandako hori "baliatuta" Santiago bideko adar bat pasatzen hasi zen. Bide asko daudela azaldu du Madariagak, kostaldekoa, frantsesa… Baina garai bateko garrantzitsuenetarikoa "bide hau" izan zen. Ez da kasualitatea, azaldu du Madariagak, bide horretatik gertu Zamartze, Santiago Itxasperri edo Iturmendiko Aitzaga ermita erromanikoak eraiki izana.
Erromanikoa
Santiago Itxasperri ermita erromanikoa da, nahiko umila, xumea. "Azken finean, erromaniko pobrea da": leiho gutxi, ate gutxi eta, erromanikoen artean, salbuespen moduan, errosetoi bat dauka. Historiaren momentu batean arazoak izan ziren eta eraikuntza alde batetik erortzen hasi zen, "horregatik kontrafuerteak ditu. Absideko leihoa tapatuta dago kontrafuerteak jarri zituztelako". Gotikoan horrelako arazoei aurre egiteko teknika aurreratuagoak zeudela azaldu du Madariagak, "baina erromanikoan ahal zutena egiten zuten".
"Ermita erromanikoa da, xumea; salbuespen moduan, errosetoi bat dauka"
Apaindura gutxiko ermita da. "Barrutik ez du ia ezer, apaindura bakarra naturako elementu batzuk dira, eta barruan bi kapitel xume ditu". Nabarmentzekoa XVII. mendeko bataiarria da, "meritu handikoa", baina bestela oso soila dela esan du historialariak. "Ez du erretaularik ere".
Santiago eguna
Santiago egunean, uztailaren 25ean, arakildarrak Itxasperrin biltzen dira. Ondoren, azken urteetan, bailarako herriren batera joaten dira ospakizunarekin jarraitzeko, baina lehenengo topaketa ermitaren inguruetan egiten dute. Mendeetan zehar egin duten ohitura dela esan du Juantxo Madariaga Orbeak: "Erdi Aroan, ez dakigu zehazki noiztik, egiten zen feria batekin lotuta dago. Santiago bezperan eta Santiago egunean, bi egunez, feria erraldoi bat egiten zen, inguru honetako inportanteena". Denborarekin, Irurtzungo feria garrantzia hartzen joan zen, baina hasieran Itxasperrin egiten zen feria garrantzitsuagoa zen.
"Badaukagu XVI. mendeko dokumentu bat non azaltzen den Itxasperriko ferian istiluak izan zirela eta hildako bat egon zela. Epaiketan lekuko batek esan zuen aspalditik, antzin-antzinatik, ospatzen zela feria eta Nafarroa osotik, Iruñerritik eta abarretatik jendea etortzen zela". Oso feria garrantzitsua zela agertzen da dokumentuetan, bi egun irauten zuela, eta ganadua eta nekazal produktuak salerosten zituztela. Erdi Arotik ospatzen zen, beraz, Santiago eguna eta horregatik gaur egun ere Santiago bailararen eguna da.