Udalak ikastaro eskaintza egin du

Guaixe 2022ko ira. 13a, 11:46
Hiriberri Arakilgo kontzeju etxeko aretoan mantentze gimnasia eginen da. ARTXIBOA

Zalantzak argitu edo izena emateko udaletxetik pasa edo 948 500 101 ala 634 584 226 telefonoetara hots egin daiteke.

Arakilgo Udalak ikasturterako zazpi ikastaroren eskaintza prest du. Yoga ikastaroa Ihabarren izanen da lastailaren 3tik ilbeltzaren 30era astelehen eta ostegunetan, 18:30etik 20:00etara. Hilaren 29ra arte eman daiteke izena. Arakilen erroldatutakoek 80 euro ordaindu beharko dituzte eta 90 erroldatuta ez daudenak. Mantentze gimnasia Hiriberri izanen da. Taldekideek zehaztuko dute zein egunetan eginen dituzten saioak, baina lastaila eta ilbeltza artean izanen da. Hilaren 29ra arte eman daiteke izena eta matrikula 45 euro balio du erroldatuendako, 55 ibarretik kanpo erroldatuta daudenendako. 

Eskulanetan trebatu nahi dutenek Xaniturri elkarteak antolatutako ikastaroan eman dezake izena. Astelehenetan, 10:30etik 12:30era izanen da ikastaroa, lastailaren 17tik maiatzaren 29ra. Izena emateko 646 605 732 telefonora hots egin behar da. Horretaz aparte, Arakilgo ikastaro eskaintzaren barruan sukaldaritza ikastaro ibiltaria dago. Ibiltaria ibarreko elkarteetan eginen delako. Ostiraletan izanen da ikastaroa, bi hilabetean behin.

Hirurogei urtetik gora
Adineko pertsonendako bi ikastaro prestatu ditu udalak. Alde batetik, sasoitsu bizitzeko helburua duena, asteazkenetan 10:30etik 12:00etara eginen dena Etxarrenen, lastailaren 5etik ilbeltzaren 25era. Hilaren 29ra arte eman daiteke izena, eta, horregatik, 10 euro ordaindu behar dituzte erroldatuta daudenak eta 15 Arakildik kanpo erroldatutakoek. Bestetik, mugikorra eta ordenagailua erabiltzen ikasteko ikastaroa eginen da udaletxean azaroko ostegunetan, 11:00etatik 12:30era. Izen ematea lastailaren 27ra arte egin daiteke. Matrikula aurreko ikastaroaren bera da. 

Bestalde, Nafar Lansarek oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzeko ikastaroa antolatu du Hiriberrin lastailaren 10etik 21era, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era. Ikastaroa doakoa da. 
 
Gehiago
Udalak gogorarazi du arakildarrek beste hainbat jardueratan parte hartu dezaketela. Esaterako, euskal dantzetan aritzeko Orritz dantza taldearekin jarri daiteke harremanetan (696 082 966). Euskara ikasi edo hobetu nahi duenak AEKren eskaintza du (948 468 258). Etxarrerngo frontoia erabili nahi dutenek dei bat besterik ez dute egin behar (650 557 057, Miguel). Eta Zalduarekin futbolean jokatu nahi dutenek ere dei bat egin behar dute (620 404 405, Pello).