Udalak bi lanpostu betetzeko deialdiak egin ditu

Guaixe 2022ko aza. 24a, 11:46
Arakilgo udaletxea eskuinean. ARTXIBOA

Dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostu hutsa oposizio lehiaketaren bidez beteko du eta merezimendu lehiaketa bidez, berriz, administrari laguntzailearena.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak jasotzen dituzten legeei jarraituz, Arakilgo Udalak bi lanpostu betetzeko deialdiak egin ditu. Batetik, dinamizatzaile soziokulturala kontratatuko du. Lanpostua eskuratzen duena langile kontratuduna izanen da, B mailakoa eta lanaldi erdian ariko da lanean. Lanpostu horretan interesa dutenek, dagokion titulazioaz aparte, euskarazko C1 maila dutela egiaztatu behar dute. Deialdian parte hartzeko eskabideak eta dagokien dokumentazioa Arakilgo udaletxean aurkezteko epea hilaren 29an despedituko da

Bestetik, Arakilgo Udalak merezimendu lehiaketa bidez hutsik dagoen administrari laguntzaile lanpostua bete nahi du. Hura eskuratzen duena lan kontratuduna izanen da, D mailakoa, eta lanaldi osoan lan eginen du. Hautagaiek euskarazko C1 maila izan beharko dute. Deialdian interesa dutenek eskabidea eta gainerako dokumentazioa Arakilgo Udalean aurkeztu behar dituzte abenduaren 14 baino lehen.