Arakilgo Udalak bigarren urtez jarraian gazteei zuzendutako kooperaziorako beka deialdia egin du. Haren bidez, udalak arakildar gazteengan sentsibilizazioa piztu nahi du, garapen bidean dauden herrialdeei garatzen laguntzeko, eta, aldi berean, gazteengan herrialde eta kultura ezberdinen arteko elkartasun kultura sustatzeko. Horretarako, gazteek garapenerako lankidetza helburu duen irabazi asmorik gabeko erakunde batean boluntario gisa aritu beharko du tokian bertan, gutxienez hilabete batez. Eskatzaileak eskatu eta erakundeak egoki joz gero, egonaldiak hilabete baino luzeagoak izan daitezke.
Udalak beka deialdirako 2.500 euro ditu. Beka hartzen dutenei honako gastuak ordainduko dizkie udalak: irabazi asmorik gabeko erakundearekin topatu bitarteko joan-etorriak eta tokira iritsi bitarteko ostatu hartzeko gastuak. Bekaren bidez jasoko den dirulaguntza gastuen proportzioan joanen da, eta gehienezko kopurua 1.250 eurokoa izanen da. Beka deialdian interesa duten pertsonek beraien eskabideak maiatzaren 5era arte aurkez ditzakete.
Baldintzak eta dokumentazioa
Beka deialdira eskabidea aurkez dezakete Arakilen jaio edo ibarrean azken bost urteetan erroldatuta daudenak. Beti ere, 18 eta 35 urte artean baldin badituzte. Eskatzaileak ezin izango du lankidetza sustatzen duen erakundearekin lan harremanik izan. Eskaera egiterakoan lan plangintza aurkeztu beharko dute. Udalak, horretaz aparte, honakoak baloratuko ditu beka emateko: garapenerako borondatezko lankidetzarekin zerikusia duten ezagutza eta proiektuak; gobernuz Kanpoko Erakundeetan edo irabazi asmorik gabeko erakundeetan haien borondatez parte hartu izana; gazte elkarteetan edo gizarte helburua duten beste antzekoetan parte hartu izana; euskararen ezagutza meritu gisa baloratuko da, nahiz eta ez den baztergarria izanen; lehentasuna izanen dute aurretik aurkeztutako proiekturako beste erakunde edo elkarteren batek beka eman ez badie; kasu bakoitzera gehien egokitzen den titulazio akademiko/profesionala izatea, edo espezialitate horietan ikasketak egiten ari direla egiaztatzea; udalak martxan dituen proiektuekiko parekideak izatea eta, azkenik, lehentasuna emanen zaie beka hau aurreko deialdietan jaso ez duten pertsonei, baina baldintza ez da baztergarria izanen.
Beka eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: www.arakil.eus webgunean dagoen eskabide orria beteta eta sinatuta ematea, nortasun agiriaren fotokopia, curriculuma (lan bizitzari buruzko txostena eta azaldutako merituen egiaztagiria), irabazi asmorik gabeko eta tokiko erakundearen abala (xedeko herrialdekoa) batetik adieraziko duena ados dagoela pertsona horrek irabazi asmorik gabeko erakundearekin eginen dituen lanekin, eta, bestetik, azaltzen duena eginen dituen lanen profila, jarduera burutzeko aurreikusitako gastuen aurrekontua (bidaia gastuak, polizak kontratatzeko gastuak, ostatu hartzea tokira iritsi arte eta sentsibilizazio jardunaldiko gastuak) eta eskaeragilea bankuko kontuaren titularra egiaztatzen duen agiria. Zalantzarik edukiz gero, Arakilgo Udalera hots egin edo idatzi: 948 500 101 telefono zenbakira edo info@arakil.net ala arakilkultura@gmail.com helbide elektronikoetara.