Udalek dituzten zinegotzi kopuruak haien populazioaren araberakoa da. Biztanlerian aldaketarik izanez gero, gerta liteke udaleko zinegotzien kopuruak gora edo behera egitea. Aurtengoan ez baina hurrengo udal hauteskundeetan Arakilgo Udalak zinegotzi kopuru handiagoa izan dezake. Joan den urte hasierako erroldaren arabera erabaki dira aurtengo udal hauteskundeetan aukeratu beharreko zinegotzi kopurua. Arakilen kasuan joan zen urtean 967 herritar zituen ibarrak. 251 eta 1.000 biztanle dituenez, Arakilgo Udalak zazpi zinegotzi ditu, eta horiek aukeratuko dituzte arakildarrek igandean.
Hauteskunde araudiaren arabera 1.001 eta 2.000 biztanle arteko udalek bederatzi zinegotzi dituzte. Oihana Olaberria Jaka alkateak jakinarazi duenez, Arakilen 1.004 pertsona zeuden erroldatuta apirilaren hasieran (537 gizonezko eta 467 emakumezko). Beraz, kopuru horri eutsiz gero, hurrengo udal hauteskundeetan Arakilgo Udalak bederatzi zinegotzi lituzke. Aldi berean, Arakilek Sakanako Mankomunitatean ordezkari bat izatetik bi izatera pasako litzateke, ibarreko erakundean udal bakoitzaren ordezkariak populazioaren milako bakoitzeko bat baita. Udalean halako aldaketa izan duten azken udalak Lakuntza (1999an) eta Arbizu (2007an) izan ziren.