Udalak haurrendako aisialdi campusa antolatu du

Guaixe 2023ko eka. 23a, 11:15
Haur eta helduak Hiriberri Arakilgo plazan. ARTXIBOA

Arakildik atera gabe txango, tailer eta jolasez gozatzeko aukera izanen dute txikiek.

Arakilgo Udalak antolatutako udako aisialdi campusa 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Bi hamabostaldiko eskaintza prestatu du udalak. Aurrena garilaren 17tik 28ra izanen da eta, atzena, berriz, garilaren 31tik agorrilaren 11ra. Eskaintza astegunetan izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Izena emateko www.arakil.eus web orrian dagoen galdetegia bete beharko dute familiek. Horretarako epea hilaren 30ean despedituko da. 

Udaletik jakinarazi dutenez, plaza mugatuak dira. Horregatik lehentasuna izanen dute Arakilen erroldatutako haurrek. Ondoren kontuan izanen da ibarrean bigarren etxebizitza izatea, Irurtzunen erroldatuta egotea eta, azkenik, gainontzeko guztiendako tokia izanen da. Haur bakoitzeko izen ematea 50 eurokoa da. Udalak jakinarazi duenez, familia ugariek %20ko eta guraso bakanek beherapena izanen dute matrikulan. Informazio gehiago nahi duenak 634 584 226 (Whatsappa du) edo 948 500 101 telefonoetara hots egin edo arakilkultura@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatz dezake.