Arakilek ikastaro eskaintza egin du

Guaixe 2023ko ira. 20a, 11:04

Hiriberri Arakilgo iturriaren ondoan jendea. ARTXIBOA

Izena emateko udaletxetik pasa, edo arakil.eus webgunearen dagoen eskabidea bete. Zalantzak argitzeko 948 500 101 ala 634 584 226 telefonoetara hots egin daiteke. Hilaren 27ra arte eman daiteke izena.

Arakilgo Udalak lau ikastaroren eskaintza egin du heldu den ikasturterako. Yoga ikastaroa Ihabarren izanen da lastailaren 2tik ilbeltzaren 31ra, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara. Arakilen erroldatutakoek 90 euro ordaindu beharko dituzte; eta 100, erroldatuta ez daudenak. Mantentze gimnasia Hiriberri izanen da. Astearte eta ostegunetan izanen da, eta taldekideek zehaztuko dute zein ordutan eginen dituzten saioak, baina lastailaren 3aren eta ilbeltzaren 30era arte izanen da. Matrikulak 60 euro balio du erroldatuendako, 70, ibarretik kanpo erroldatuta daudenendako. 

Horietaz aparte, udalak oinarrizko joskintza ikastaroa antolatu du Etxarrenen. Asteazkenetan izanen da, 18:30etik 20:30era, lastailaren 4tik ilbeltzaren 31ra arte. Erroldatuek izena emateagatik 60 euro ordaindu beharko dituzte; ibarretik kanpo erroldatutakoek, berriz, 70. Azkenik, eskulanetan trebatu nahi dutenek Xaniturri elkarteak antolatutako ikastaroan eman dezake izena. Astelehenetan, 10:30etik 12:30era izanen da ikastaroa, lastaila eta maiatza bitartean. Izena emateak 120 euro balio ditu. Izena emateko 646 605 732 telefonora (Nieves) hots egin behar da. 

Aldi berean, Arakilgo Udalak jakinarazi du AEK-k euskara klaseak (A2, B1 eta B2 mailak) emanen dituela Irurtzunen. Udalak gaztigatu duenez, “beste talde batzuk osatzeko aukera dago. Informazioa jaso eta proposamenetarako Itsasi euskaltegiko 948 464 840 telefonora hots egin behar da. Bestelako jardueretan ere parte har dezakete arakildarrek ikasturte berrian. Orritz dantza taldean izena eman nahi dutenek 696 082 966 telefonora hots egin behar dute. Etxarrengo Aranburu frontoia erabili nahi dutenek Migeli hots egin behar diote 650 557 057 telefono zenbakira. Eta, azkenik, Zaldua futbol taldean aritu nahi dutenek Pellorekin harremanetan jartzea besterik ez dute: 620 404 405.