Futbola

Beste futbol denboraldi bat Zalduarendako

Guaixe 2023ko ira. 27a, 10:00

Arakilgo taldeak Elomendiko Futbol Txapelketan parte hartuko du eta izen berria du: Talleres Goñi Zaldua 

Irailaren 23 eta 24ko asteburuan hasi zen Elomendiko Futbol Txapelketa, “Nafarroako futbol txapelketarik herrikoiena” euren antolatzaileen esanetan. Guztira hamabost talde lehiatuko dira, tartean sakandar bat: Zaldua talde arakildarra. Aurten babesle berria du, eta Talleres Goñi Zaldua izenarekin lehiatuko da. 

Gainontzeko taldeak, hurrenez hurren, Roka, Apolo, Salinas, Bidezarra, Izalsa, Ageri, Modernillo, Txaparros, Basati, Elomendi, Bar Olmo, Unziti, Paris 365 eta Asdefor dira. 

Lehendabiziko jardunaldian Talleres Goñi Zalduak Paris 365 taldea hartu zuen eta arakildarrek kontrolatu zuten partida, goitik behera, 7 eta 0 irabazita. Gol sorta horri esker, 2023/2024 Elomendiko Txapelketako lehen liderra da Talleres Goñi Zaldua (3 puntu), puntu berberak dituen Roka taldearen aurretik. 

Bigarren jardunaldian Salinas taldearen kontra jokatuko du Talleres Goñi Zalduak, Salinasen.