Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia Ermitagaña Txirrindularitza Taldean trebatu zen eta bere txikitako klubak omenaldi polita egin zion larunbatean, azaroaren 25ean. Jakina denez, Imanol Erbitik txirrindularitza profesionala utzi berri du, talde berean, Movistar eskuadran, hemeretzi urtez profesional eta talde gizon bikaina izan eta gero. Bera den bezala, isilik eta umil esan dio agur bere ibilbideari.
Ekitaldian Ermitagañako txirrindulari guztiak bildu ziren, eta baita Erbitirekin batera afizionatuetan eta profesionaletan egondako zenbait txirrindulari, bere taldekide min Alejandro Valverde tartean. Gazteekin ginkana proban hartu zuen parte, eta oroigarriak jaso zituen. Ondoren, Gorraizko Gazteluan bildu ziren bazkaltzera eta aurreskua dantzatu zioten. Hunkituta zegoen txirrindulari arakildarra.
Aurretik, goizean, omenaldi sorpresa egin zioten. Erbiti lagun batzuekin elkartu zen Hiriberrin bizikletan buelta bat emateko asmoz. Beste txirrindulari talde bat Iruñetik abiatu zen. Bi tropelak erdibidean elkartu ziren, Erbitiri ezustekoa emanez eta omenaldi xumea eginez.