Arakilgo Udalak ikastaro eskaintza egin du

Guaixe 2024ko urt. 23a, 11:31
Satrustegiarrak kalean. ARTXIBOA

Izena udaletxean eman daiteke, edo arakil.eus webgunearen dagoen eskabidea bete. Zalantzak argitzeko 948 500 101 ala 634 584 226 telefonoetara hots egin daiteke. Hilaren 26ra arte eman daiteke izena.

Arakilgo Udalak maiatz akabera bitarte lau ikastaroren eskaintza egin du. Yoga ikastaroa Ihabarren izanen da otsailaren 5etik maiatzaren 29ra arte, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara. Ihabarren bertan antzerki ikastaroa eginen da asteazkenetan, 20:30etik 22:00etara, otsailaren 7tik maiatzaren 29ra. Bi ikastaro horietan izena emateak prezio bera du: Arakilen erroldatutakoek 90 euro ordaindu beharko dituzte; eta 100, erroldatuta ez daudenak. 

Bestalde, udalak oinarrizko joskintza ikastaroa antolatu du Errotzen. Asteazkenetan izanen da, 18:30etik 20:30era, otsailaren 7tik maiatzaren 29ra arte. Erroldatuek izena emateagatik 60 euro ordaindu beharko dituzte; ibarretik kanpo erroldatutakoek, berriz, 70. Azkenik, udal eskaintzaren berritasuna: argazki bordatua, hau da, hariekin eta irudiekin sortutako artea. Ikastaro hori Etxarrenen izanen da, ostegunetan, 18:30etik 20:00etara, otsailaren 1etik maiatzaren 30era. Arakildarrek matrikulagatik 50 euro ordaindu beharko dituzte, Arakilen erroldatuta ez daudenek 60.

Aldi berean, Arakilgo Udalak jakinarazi du AEK-k euskara klaseak (A1, B1 eta B2 mailak) emanen dituela Irurtzunen. Udalak gaztigatu duenez, “beste talde batzuk osatzeko aukera dago. Informazioa jaso eta proposamenetarako Itsasi euskaltegiko 948 468 258 telefonora hots egin behar da. Bestelako jardueretan ere parte har dezakete arakildarrek ikasturte berrian. Orritz dantza taldean izena eman nahi dutenek 696 082 966 telefonora hots egin behar dute. Etxarrengo Aranburu frontoia erabili nahi dutenek Migeli hots egin behar diote 650 557 057 telefono zenbakira. Eta, azkenik, Zaldua futbol taldean aritu nahi dutenek Pellorekin harremanetan jartzea besterik ez dute: 620 404 405.