Arakilgo Udalak bere jardunaren eta ibarrean gertatzen denaren berri emateko telefono mugikorretarako euskarria prestatu du. Arakilgo kultur teknikari Josu Dufur Otheguyk azaldu duenez, "mugikorretarako diseinatutako web orri bat da. Haren laster marka telefonoaren pantaila nagusira jaitsi eta aplikazio bat bezala funtzionatzen du. Baina kasu honetan ez da eguneraketarik egin behar, eta telefono mugikorreko memoria ia ez du erabiltzen".
Dufurrek gaineratu duenez, "udalaren jarduna eta ibarraren berri arakildarrei gerturatzeko egina dago. Arakildarrek ibarraren berri eskura izan eta azkar batean kontsultatzeko diseinatuta dago". Arakil.eus/eu webgunearen bidez egin daiteke lasterbidea. Honako atalak ditu: udalaren albisteak, ibarreko agenda, intereseko kontaktuak, eguraldia, Arakilgo herriak eta gardentasuna. Euskaraz edo gaztelaniaz dago. Udalak arakildarrak laster marka egin eta hura telefono mugikorreko pantaila nagusian jartzera gonbidatu ditu.