Tere Legarra

"Alhambra dugu, baina horko arkiboltarik ez"

Guaixe 2024ko abu. 2a, 09:00

Granada hiriburuaren erdigunetik Egiarretara etortzen da udatan, autoz eta bakarrik

Granadara "urte baterako joan nintzen. Probatzera joan eta berrogei urte!" Legarrak aitortu duenez, "oso ongi nago. Gustatzen zait. Baina nire sustraiak hemen daude". Hala ere, neguko, udaberriko eta udako oporretan Egiarretarako bidea hartzen du. "Ez dut irakasle txipa galdu oporrei dagokienez, lehen garai horietan etortzen nintzen, eta orain ere". Jubilatuta badago ere, "neuronak gehiegi atrofiatu ez daitezen, oraindik klasea ematen dut". 

Hiriburua turistek ezagutzen duten Alhambra eta Albaicin auzoa baino gehiago da. "Granadak arabiarren 800 urteko egonaldiaren xarma du. Turistak horri erreparatzen diote bakarrik, eta pena da. Txoko asko ditu". Egiarretarrak Granadan dagoen unibertsitate giroa azpimarratu du. "Asko harrapatzen duen giroa da. Uste dut 77.000 unibertsitate ikasle daudela. Kalean gazte asko dago". Hiriaren bertuteak zerrendatzen hasi da: "klima, giroa, hiri irekia da eta klimagatik gauez asko bizitzen da". Sierra Nevada eta itsasoa oso gertu dituztela gogorarazi du ere. 

Granadatik Egiarretara

Herrira gerturatu ahala  "bihotza taupadaka hasten zait. Beti oso ederra iruditzen zait". Egiarretan gogora etortzen zaizkio "amak aiton-amonei buruz kontatzen zizkidanak. Aitak ama limurtu nahian non ibiltzen zen begira egon naiz lehen". Nabarmendu duenez, "naizenari ez diot uko egin nahi. Beraz, hori guztia biziberritzen saiatzen naiz". Hiriaren eta herriaren arteko kontrastea "zeinen ona" den nabarmendu du. Balioa aitortu die "herriko paisaiari, isiltasunari, sartzen zaizun naturari, arnasten duzun aireari, bakardadeari... Askatasun sentipen hori, naturaren ondoan". 

"Bihotza taupadaka hasten zait herrira gerturatu ahala. Beti oso ederra iruditzen zait"

Granadan mendira askotan doa, "bidexka asko daude. Pribilegiatuak gara. Baina autoz joan behar duzu haraino". Azaldu duenez, "hemen txirrindularitza zaletasun handia dago". Legarra bizikletan asko ibili da Granadan. "Kulot guztiak hemen erosi behar izan nituen. Bizikleta, Altsasun. Han ez zegoen. Bizikletarekin paseatzen nuen. Orain gutxiago, autobiengatik. Ibiltzeko hiritik atera behar baituzu. Hemen errepide km ugari daude". Aitortu du bidaiatzea asko gustatzen zaiola, eta bidaia asko egin dituela. 

Egitekoak

Iloben etxean egiten du Egiarretako egonaldia. Haiek badakite izebari zaharberritze lanak eta eskulanak gustatzen zaizkiola eta beti dute harendako zerbait. "Joan zen uda guztia XVI. eta XVII. mendeetako kutxak zaharberritzen eman nuen". Uda honetan parrokiako jaiotzako figurak zaharberritzen ari da. "Hainbeste kolpe dituzte, badirudi Ukrainian egon direla". Gaineratu duenez, "ia beti dago zereginen bat". 

Itxasperriko ermitara paseatzen joaten da. "Erromaniko horrek zoratzen nau. Han ez dugu halakorik. Arabiarrak zeuden. Alhambra dugu, baina horko arkiboltarik ez. Ermitaren sinpletasunak liluratzen nau". Gogoratu du handik jatorrizko Donejakue bidea pasatzen zela. "Aldarrikatu beharra dugu". Egiarretako elizako Errenazimenduko erretaula ere goraipatu du. "Ermitarekin eta elizarekin nik Granadan bisita gidatu bat antolatuko nizuke". 

Udan baino, txikitako lagunekin neguan egotea errazago suertatzen zaio. Granadara joaterakoan "berde hau guztia maleta batean sartu nahiko nuke. Baita belarraren usaina". Azaldu duenez, "Ferminen ahuntzak ikustera joaten naizenean osaben kortak eta Irurtzunen Juanesen etxera esne bila joaten nintzenekoak gogorarazten didate. Ez da goi mailako lurrin-usain bat, baina niri haurtzaroa gogorarazten dit". Granadara begi ninian Aralarko santutegia eramaten du beti. "Etortzen naizen bakoitzean joaten naiz". Jakinarazi duenez, Aralarko aingeruaren irudia du Granadako etxean.