Arakilgo esperientzien berri Deierrin eman du alkateak

Guaixe 2024ko urr. 4a, 11:51

Jardunaldian parte hartzaileak, erdian Oihana Olaberria Jaka. ANDIAKO MANKOMUNITATEA

Landa ingurunea dinamizatzeko bitarteko gisa etxebizitza lortzea oztopatzen duten trabak gainditzeko nola aurrera egin jakiteko jardunaldi batean parte hartu zuen.

Gesalazko Udalak eta Andia Mankomunitateak antolatuta, “Landa-inguruneetan biztanleak finkatzeko etxebizitzaren erronka” jardunaldia hartu zuen Aritzalako Deierriko Ostatuak atzo. Gesalazko Udalak eta Andia Mankomunitateak Re-bizi proiektua landu dute, inguru hango etxebizitza, lokalak eta lurrak dinamizatzea du helburu, oztopo sozial, kultural eta emozionalei aurre egiteko irtenbide berritzaileak aplikatuz. Eta Re-bizi proiektuaren parte izan zen jardunaldia, zeinetan 40 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten.  

Lizarraldeko etxebizitzaren birgaitzearen egoeraren aurkezpenarekin hasi zen saioa. Ondoren, lau udalerriren arteko esperientzia-trukea egon zen, eta, horretan, Bargota, Gesalatz, Carcar, Nafarroako Gobernuaren Pirinioetako Plana, Andia Mankomunitatea, Kuvu eta Arakilgo udalerrietako ordezkariek parte hartu zuten. 

Guztiek beraien lurraldean arrakasta izan duten ekimenak aurkeztu zituzten. Arakilgo alkate eta Sakanako Mankomunitateko Etxebizitza lantaldeko buru Oihana Olaberria Jakak azaldu zuen ibarrean partaidetza prozesu bat egin zutela, eta prozesu horretatik sortu ziren Ihabarko Eskribarena etxea zaharberritzeko aukera eta Hiriberri Arakilgo gazteen etxebizitza kooperatibaren elkarlaneko etxebizitza proposamenak.

Bukatzeko, lurraldeen garapenerako beharrezkoak diren funtsezko elementuei buruzko hausnarketa bateratua egin zuten, etxebizitzaren eta beste jabetza batzuen dinamizazioaren bidez. Elementu horien artean, politika eta programa publikoetan “landa-ikuspegia” izateko beharra nabarmendu zuten, beste etxebizitza eredu batzuk ezagutaraztea, lankidetza publiko-pribatua ardatz hartuta, eta jardunbide egokiak bateratzearen garrantzia nabarmendu zuten, aurrera egiteko, horrelako jardunaldien bidez. Jardunaldiaren ondorioak eta aurkezpenak Andia Mankomunitatearen andiamank.com webgunean jarriko dituzte heldu den astean.